Jon ORMAZABAL
PILOTA

Apezetxea: «Iazko final bera da, baina Altuna ez»

Aspeko teknikaria oso gustura dago beren pilotariek emandako mailarekin eta lasai ikusiko du 17ko partida.

Gustura egoteko moduan dira Aspeko bulegoetan, azkenaldian sarri gertatzen ari den bezala, Lau eta Erdiko lehen mailako txapela ere beraien pilotari batek eramango duela ziurtatu baitute Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak finalerako txartela eskuratuta. 2018ko final bera izango da, egoitza ere bera, Iruñeko Nafarroa Arena erraldoia baina, Jon Apezetxearen iritziz, izango da desberdintasun handi bat, Jokin Altuna iaz baino askoz hobeto iritsiko baita finalera.

Egia da, igandean Bilbon jokatu eta gero hoztuta edo, katarro apur batekin dabilela amezketarra, baina ezer gutxi da hori iaz txapelketa osoan pairatu zituen oinazeen aurrean. Hala ere, ez zen txapeletik horren urrun ibili Altuna II.a, 22-17 galdu baitzuen Nafarroa Arenan jokatutako lehen final handian.

«Niri eta enpresari berdin digu nork irabazten duen; partida ona eskaini eta jendeak goza dezala, horixe nahi genuke denek», aitortu zuen Euskadi Irratian finala lasai ikusteko moduan den goizuetarrak.«Finala iazko bera da, baina Jokin da iaz baino askoz egokiago iristen dena, eta Joseba, berriz, ez dago iazko distira horrekin, baina finalean da. Bueltan-bueltan, pilotari handia egin da, txapela irabazi zuen iaz eta beste maila bateko pilotari bat da, ‘capo’ handi bat», gaineratu zuen.

Finalaren inguruko pistaren bat eskatuta, betiko giltzak aipatu zituen. «Biek oso ondo ezagutzen dute elkar, sarri jokatu dute elkarren aurka eta ikusi beharko da nork hartzen duen jokoaren ekimena. Azkenean beti esaten dena dago, lau eta erdian eta buruz buru, ekimena hartzen duenak aukera handia izango du irabazteko».

Bilbon, txundituta

Hori bai, finalerdia Bilbon bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten beste asko bezala, txundituta agertu zen Aspeko intendente eta teknikaria Jokin Altunak Unai Laso bezalako aurkari baten aurka eskainitako mailarekin. Berak ere, perfekziotik oso gertu ikusi zuen bere mutila. «Jokin ikusita, pilotan aritzea erraza dela ematen du, oso erraz egiten ditu gauzak eta plazer hutsa da bera bertatik bertara ikustea, ze abiadura ematen dion pilotari eta, batez ere, jotako pilotakada guztiak intentzioarekin jotzen dituela, ‘crack’ handi bat da», azaldu zuen.

Erik Jaka eta Peio Etxeberria bezalako pilotariek ere oso maila txukuna eman dute lau eta erdiko honetan, bereziki bi finalistak estutzera heldu zen lizartzarrak, eta gauzak oso ondo doazkie Aspekoei, baina ez du bururik altxatu nahi Apezetxeak. «Pilotariak ondo ari dira lanean eta ez dugu ez lesiorik ez deus izan eta oso pozik gaude», azaldu zuen goizuetarrak.

Hala azken urteetako txapela guztiak beraienak izan dira eta Oinatz Bengoetxeak 2017ko Buruz Burukoan lortutakoa izan zen ihes egin zien azken garaipen handia.

 

256 sarrera geratzen dira salgai

Igandeko Bizkaia frontoiko finalerdiak uste baino pilotazale gutxiago erakarri bazituen ere, denera 854 pilotazale gerturatu ziren 3.000 sartzen diren pilotaleku erraldoira. Oso bestelakoa izango da azaroaren 17an Nafarroa Arenak erakutsiko duen itxura.

Izan ere, atzo arratsaldeko azken orduan 256 sarrera baino ez ziren geratzen Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak jokatu behar duten partida ikusteko. Sarrera merkeenak erabat agortuta daude eta geratzen diren gehienak 100 eurokoak dira, baita 120ko 72 ere.

Ostiralean jarri zituzten salgai sarrerak eta esan beharra dago nahikoa erantzun ona izan dutela, igande arratsaldera arte ez baitzen jakin partida zein bi pilotarik jokatuko zuten. Esan beharra dago azaroaren 17ko asteburu horretan ez dela Lehen Mailako futbol jardunaldirik izango eta horrek ere protagonismo handia emango diola urteko azken final handiari.J.O.