Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Atxiloturik dago Baionan hildako emaztearen bikotekidea

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren eskutik salatuko dute ostegunean, Baionan (18.30ean, Herriko Etxeko plazan), larunbatean etxean hilik atzeman zuten emaztearen feminizidioa. Emaztearen gorpuak ubeldurak zituela baieztatu du Poliziak. Bere bikotekidea atxiloturik dago eta bihar eramango dute epailearen aurrera.

Frantziako Poliziak 52 urteko gizonezko bat atxiloturik du bere bikotekidearen hilketa egotzita. Gizonak Poliziari deitu zion iragan larunbatean, emaztea hilik atzeman zuela esanez. Etxera bertaratu zenean 52 urteko emaztea hilik aurkitu zuen Poliziak eta bere gorpuak ubeldurak zituela egiaztatu ahal izan zuen.

Gaur ez bada ostegunean beranduenez jakinaraziko dute hilketa argitzeko Baionako prokuradoreak agindu duen autopsiaren emaitza. Horren zain, Marc Mariee prokuradoreak ez zuen atzo hilketari buruzko azalpen gehiegi eman nahi izan. Hala ere, jakinarazi zuen bortizkeria sexistagatik «aurrekari zaharrak» dituen ustezko erasotzailea bihar eramango dutela epailearen aurrera.

Isiltasuna hautsi

Indarkeria sexistaren aurkako salaketak indarra hartu du azken hilabeteotan Estatu frantsesean. Luzaro iraun duen isiltasuna hautsita, feminizidioak salatzeko #NousToutes izenean kanpaina abian eman dute, besteak beste, hil dituzten emazteen izenak oroitarazten dituzten afixak karriketan jarriz. Ildo horretan, bortizkeria sexisten aurkako Zutik kolektiboko kide Veronique de la Devezek atzo GARAri azaldu zioenez, «erail duten emazte baten izena aipatzen dugun bakoitzean, ahanzturak ez dezala emazte horren bizia bigarren aldiz itzali lortu nahi dugu. Era berean, bizia galtzeko arriskuan izan daitezkeen beste emazte guztiei mezu azkarra igortzen diegu, libre eta bizirik nahi ditugula adieraziz».

De la Devezek nabarmendu bezala, «bortizkeria sexista azalarazteko bidean urratsak egin ditugu, hedabideetan bereziki, baina ikusgaitasun horri baliatu behar dugu oraindik ere arazoaren muinari heltzeko».

Mobilizazioak Euskal Herrian

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta azkeneko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak eginen dituzte. Baionan, ostegunean, 18.30ean, eman dute hitzordua, Herriko Etxeko plazan. Hiru emazte hil dira aurten indarkeria matxistaren ondorioz Ipar Euskal Herrian, 129 Estatu frantsesean.

Joan zen ekainaren 17an, Mayie Nervi hilik atzeman zuten Urruñan. 81 urte zituen eta senarrak tiro egin zion bere buruaz beste egin aitzin. Ekainaren 25ean, Bardozen, 91 urteko bikotekideak eskopetaz hil zuen Chantal Monte emaztea (72 urte); ondoren, suizidatu egin zen.