Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

«Lobotomiak» diskoarekin sendotasuna irabazi du Revolta Permanent taldeak

Laugarren diskoa dute rap musika eta elektronika industriala nahastuz. Bost urte, lau disko eta orain bateria gehitu diote taldeari, bai diskoan eta baita zuzenekoetan ere. Sendotasuna irabazi du Revolta Permanent taldeak, eta aurki zuzenean aritzeko gogotsu daude; 2014an Iker Villa eta Iker Aginagak Aitor Abiorekin martxan jarritako proiektu musikala da Revolta Permanent. «Lobotomiak» laugarren lana Baga Biga diskoetxearekin plazaratu dute.

Orain arte bi abeslari, programazioak eta gitarra doinuak lantzen zituen taldea izan da Revolta Permanent. Bost urtean lau disko plazaratu eta 150 kontzertu inguru eskaini dituzte. Herri Oihua taldearekin hasi ziren kantuan Iker Villa eta Iker Aginaga lagunak. Beraiek abestu eta Mikel Becerrak gitarra jotzen zuen. Aitor Abio PI LT taldeko teklistak programazioak gehitu zituen taldera, eta base elektroniko eta industrialen gainean rap musikarekin jarraitu zuten, eta Revolta Permanent taldeak sona lortu zuen euskal zalegoaren artean. Sare sozialetan, Interneten bideoak, kantuak eta kontzertuetako irudiak partekatu izan dira, barra-barra.

2014. urtean hasi eta laugarren diskoa da orain aurkezten dutena, “Lobotomiak” izenburuarekin. Gaua ekoiztetxearen eskutik aritu izan dira orain arte, ekoizpenean, grabazioetan eta diskoak kaleratzen. Gaua estudioan grabatu dute hau ere, baina Baga Biga diskoetxeak plazaratu du.

Iker Aginaga abeslariak nabarmendu nahi izan du «taldearen sendotasuna». Barakaldoko abeslariaren aburuz «bost kide gara orain taldean, bateria gehitu dugu eta horrek sendotasuna ekarri dio taldeari, eragina izan du kantuak egiteko moduan. Diskoa bateria sartu aurretik hasi ginen sortzen, baina uste dut Revolta Permanent hasieratik izan den hori mantendu dugula, hori bai, sendotasun gehiagorekin».

Eta Revolta Permanet taldearen izaerak bere horretan jarraitzen du. Doinu elektronikoak eta bi abeslariren ahotsa nagusitzen dira, bateria eta gitarra gogorren gainetik. «Disko helduagoa eta soinu aldetik indartsuagoa» dela aurreratu du Iker Aginaga abeslariak. Eta zuzenean ere kide bat gehiago izanda –Gille Peña bateria-jotzailea– agertokia gehiago beteko duten ustea du abeslariak. «Aldaketak taldea indartu du, hobea egin du», gehitu du. «Soinuan sendotasuna irabazi dugu bateriarekin, eta aurrekoizpenean inoiz baino lan gehiago egin du Aitor Abiok oraingoan, rock industrial kutsua nabarmenagoa da, rapak bere tokia duen arren, melodiari tarte handiagoa utzi diogu», nabarmendu du Iker Aginagak.

Eta disko hau plazaratzeko Baga Biga diskoetxearekin harremanetan sartu da Revolta Permanent taldea. Gaua ekoiztetxea –Aitor Abio bera da sortzailea– izan da orain arte kaleratutako lan guztien bultzatzailea. Diskoetxea, estudioa eta ekoiztetxea da Gaua. «Hasieratik Gauarekin egin dugu lan beti, haiekin hasi gara musikan taldekide gazteenak, baina oraingoan aukera izan dugu diskoa Baga Bigarekin plazaratzeko, eta gugan jarri duten konfiantza eskertu gura diegu», aitortu du Revolta Permanent taldeko kideak. «Ahaztu gabe nondik gatozen eta nork lagundu gaitu hasieratik», erantsi du.

Bitxikeria badirudi ere, PI LT taldearen “Hil da jainkoa” kantuaren bertsio berezia ere egin du Revolta Permanent taldeak. Hori bai, kantuari “3,1416” izena eman diote.