2019/11/08

Enpresa parte-hartzaileen ekosistema sortzeko lehen urratsa egin dute Beterrin
GARA|HERNANI
1108_eko_beterri

Beterri eskualdean joan den ikasturtetik ari dira lanean hainbat enpresa eta eragile, «ekonomia sozial eta eraldatzailearen bueltan sare eta nodo eraginkor bat sortzeko» helburuarekin. Epe luzerako ikasketa prozesua dela ikusten dute eta estrategia horren barruan lehen proiektuari ekin diote aurten: partaidetza oinarri duten enpresen ekosistema sortzeari.

Beterri Saretuz deitu diote programari, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Beterri-Buruntza Udalen laguntza eskuratu dute. Hainbat jardunaldi eginen dituzte programaren baitan, esperientzien ezagutza, bidelaguntza eta lan-mahaien bidez Beterriko enpresek beren barne egituretan partaidetza bultzatzeko tresna edo gidaliburu bat izan dezaten.

Jardunaldi horietako lehena atzo egin zuten, Hernaniko Orona-Ideon. Eskualdeko enpresak, Lanbide Heziketako eragileak, ekintzaileak, co-working zentroetako kideak eta garapen agentziak gonbidatu zituzten.

Bost enpresaren testigantzak

Ez da ohikoa izaten enpresek beren barne antolaketaz eta funtzionamenduaz modu irekian hitz egitea. Bada, jardunaldian horixe egin zuten bost enpresak, beren esperientzietatik besteek ere ikas dezaketelakoan.

Talleres Mitxelena, Argia, Fagor Luzuriaga, Katea Legaia eta Tapuntu izan ziren enpresa horiek. Alor ezberdinetan partaidetzarako sistemak ezarri dituzte guztiek eta izaera eta sektore ezberdinetakoak izanik, askotariko ikuspuntua eman zuten.