2019/11/09

Elena Mendizabalek bere ibilbide artistikoa ikusgai du Artium Museoan

Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoak «Elena Mendizabal. Eskultura» erakusketa du ikusgai azaroaren 9tik. Elena Mendizabal artistaren 70 pieza baino gehiago biltzen dituen erakusketa 2020ko maiatzaren 3ra arte izango da zabalik, eta, bertan, donostiarrak «bide luzea egiten du bere ekoizpenean barrena», bere obra berrienetatik 1980ko eta 1990ko hamarkadetako lanetaraino. Lengoai eta material aniztasuna ditu ezaugarri artistak.

GARA|GASTEIZ
1109_kul_mendi

Artium Museoko arduradunen arabera, «Euskal Herriko testuinguru artistikoaren eferbeszentzia urteetan ezarri zituen egileak bere praktika artistikoaren oinarriak». Artiumek ekoitzi du erakusketa, eta Beatriz Herraez eta Enrique Martinez Goikoetxea dira komisarioak.

Elena Mendizabalek (Donostia, 1960) Bilboko Arte Ederren Goi Eskolan egin zituen ikasketak, margolaritza espezialitatean zehazki. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, «kulturaren eferbeszentzia eta gizarte eta politika aldaketa aro batean parte hartu zuen». Halaber, nazioarteko artearekin eta korronte minimalista eta kontzeptualekin harremana izatea eta Maria Luisa Fernandez, Juan Luis Moraza eta Txomin Badiola bere belaunaldiko artistekin elkartzea «funtsezkoak» izan ziren, besteak beste, «bere praktika artistikoa garatzeko eta eskulturarekin lanean hasteko, arteak hizkuntzarekin duen harremana aztertuz».

1982an egin zuen lehenengo bakarkako erakusketa Hondarribian. Euskal Herriko eskulturaren tradizioa berriz interpretatuz, berehala sendotu zuen bere posizioa bai eskultore gisa bai belaunaldi bateko kide gisa. Harriaz eta burdinaz gain bestelako materialak erabiltzea (poliesterra, beruna, parafina, zura), pieza askoren polikromia eta beste hizkuntza formal bat bilatzea dira Mendizabalen urte horietako eskulturaren ezaugarri nagusiak, erreferentzia arkitektonikoak zein biomorfoak dituzten lanekin. Bestalde, 1987. urtetik, lantegian egiten duen lana irakaskuntzarekin partekatzen du, EHUko Arte Ederren Fakultatean bertan zehazki.

Urteotan zehar, Mendizabalen arte eraikuntzako lengoaia aldatuz joan da, motibo ikonografikoekiko elkarrizketan, hala nola altzariak eta loreak. Eskala jokoek eta kolorea, ispiluak, paper margotua edo argi elektrikoa sartzeak bere proposamenen narrazio izaera zabaldu dute, eta hizkuntza pertsonala eta ezagutzeko modukoa eman diote.

«Bere obren irudiak erabiltzeak eta formalizazio berrietan aluminioa eta giltzadurak sartzeak, Mendizabalek garatutako ikerketa ildo nagusiak bere piezetan kondentsatzea ekarri du. Horri esker sortu ditu bere ibilbidean erreferentziakoak izan diren obrak», azaldu dute.

Kronologikoki alderantzizkoa den ibilbide batean, orainalditik bere ibilbidea baldintzatzen duten planteamenduen jatorrira, erakusketak lengoaien, materialen eta mugimenduen aniztasuna ezaugarri duen prozesu bat erakusten du, bai eta alderdi emozionalak eta bizi alderdiak ere. Ezaugarri horiek oraintsuko sailetan jasota daude, hala nola gazteluetan, plastilinetan edota erakusketa irekitzen duten kartoizko azken eraikuntza lanetan.

Esan bezala, Elena Mendizabalek Bilboko Arte Ederren Goi Eskolan ikasi zuen, EHUko egungo Arte Ederren Fakultatean. Jarraian, 1993an doktoratu egin zen, eskulturaren eta objektuen arteko hurbiltasunari buruzko tesi batekin, eta gaur egun Eskultura irakaslea da aipatutako fakultatean. 1980ko hamarkadaren hasieratik egiten ditu erakusketak artista donostiarrak eta bere lanak hainbat bilduma pribatu eta publikotan daude, besteak beste, Artium Museoarenean. 

GARAPENA


Nazioarteko artearekin eta korronte minimalista eta kontzeptualekin harremana izatea funtsezkoa izan zen Elena Mendizabalentzat, besteak beste, «bere praktika artistikoa garatzeko».