GARA
BILBO

Alonsok PP «bide onera» itzuli dela esan du, nahiz eta eserlekurik eskuratu ez

Pablo Casado PP alderdiko presidentea pozik izatearen itxurarekin azaldu zen hedabideen aurrean Madrilen. Berandu egin zuen agerraldia, baina ohikoa duen irribarrearekin bere alderdia zoriondu zuen, boto eta eserlekuetan gora egin duelako. Gasteizen, aldiz, pozik egotetik oso urrun zegoen Alfonso Alonso, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ordezkaritzarik gabe geratu baita PP, berriro ere.

Ia gauerdia zela atera zen EAEko PPko burua prentsaren aurrera, alboan Marimar Blanco zuela. Javier Marotok bezala, Blancok ere ez du erdietsi Arabatik diputatu gisa aukeratua izateko helburua. Alonsok, dena den, mezu positiboa helarazi nahi izan zuen, eta apirileko hauteskundeekin alderatuta bere alderdiak gora egin duela nabarmendu zuen, bai botoetan bai portzentaian. «2016tik genuen beheranzko tendentziari buelta eman diogu, eta orain bide horri eutsi behar diogu», esan zuen Alonsok, nahiz eta jarraian onartu ez dela «nahikoa izan» hiru herrialdeetan ordezkaritza lortzeko. Dena den, Bizkaian oso boto gutxiren faltan geratu direla-eta –163 bozen aldearekin lortu du EAJk azken eserlekua–, oraindik ez zion atea erabat itxi diputatu hori eskuratzeko aukerari.

«Ziur nago bide egokia hartu dugula», nabarmendu zuen PPko buruzagiak, bere alderdiak Estatuan izandako emaitzei erreparatu aurretik.