Andoni ARABAOLAZA
pakistán

Errusiarren bide gogor berria Tangra Dorre ezezagunean

Joan den udan, Krasnoiarsk hiriko Denis Prokofiev, Nikolai Matiushin eta Marina Popova eskalatzaileek Khane haraneko hormatzarrean 1.200 metro luze den marra sortu zuten. Hiru eguneko eskaladan 6c+/7a eta A4 zailtasunak gainditu zituzten.

Orriotan beti esaten dugu oso mediatikoak ez diren alpinista eta eskalatzaile errusiarren jardunek ingurumari honetan oihartzun eskasa dutela. Kultura edo hizkuntza kontua izango da, baina errealitatea da lehen lerroko eskaladak egiten badituzte ere, arazoak izaten ditugula horien berri izateko.

Hori, adibidez, gertatu da Denis Prokofiev, Nikolai Matiushin eta Marina Popovaren azken balentriarekin. Aurkezpen modura esan dezakegu eskalatzaile zailduak direla eta hemengo zirkulu txikietan pixka bat ezagunak. Berez, Krasnoiarsk hirikoak dira, eta, joan den udan, beste kide batzuekin batera, Pakistango Khane haranean jardun dute.

Hirukoteak big wall edo hormatzar baten aldeko apustua egin zuen. Hain zuzen ere, Tangra Dorrean (5.820 m) azpimarratzekoa den aktibitatea egin zuten. Popovak berak hedabideoi honako aurrerapena egin digu: «Denis, Nikolai eta hirurok inguru hartako harresi ederrenetarikoan jardun dugu. Gainera, seguru asko luzeena ere bada. Denera, lau egun behar izan genituen bide berri bat zabaltzeko; horietako hiru eskaladarako eta bestea jaitsierarako. Proposamen berria 1.200 metro luze da, eta gure eskalan 6B maila du. Zuen eskaladan, honako zailtasun teknikoak ditu: 6c+/7 eta A4. Marra berriak duen luzera zein zailtasuna kontuan hartuta, hirurok uste dugu abiadura azkarrean ireki eta eskalatu genuela. Big wall bat izateko, estilo modernoa aldarrikatu dugu. Gauak hamaka batean igaro ditugu, baina, orokorrean, ez da kapsula estiloko jarduera bat izan. Izan ere, hamaka hori egunero toki berri batera eramaten genuen. Paretari metroak kentzen genizkion bitartean, hamaka igotzen genuen».

Baina talde errusiarra, non ibili ote da? Galdera horri erantzuteko, lehenik eta behin aipatu behar dugu Khane haranaren berri oso gutxitan izan dugula. Arrokazko makina bat erpin, hormatzar... daude bertan. Eta alpinismorako ere eremu arras interesgarria da. Aipatzekoa da ere bertako mendi ia gehienak bosmilakoak direla: Shingu Charpa (5.910 m), Sofia (5.720 m), Agil (5.880 m)...

Popovak adierazi du Khanera joan aurretik haran horren berri ez zuela: «Iragan udaberrian, Denisek deitu ninduen espedizio berri batean parte hartu nahi ote nuen jakiteko. Zein ingurutara joango ote ginen galdetu nion, eta Denisek erantzun zidan leku interesgarri batera joango ginela. Khane izeneko eskualdea zen. Eta gehitu zidan hango hormetan inor gutxi zela egona. Denisen hitz gutxi horiek harrapatu egin ninduten, eta, azkenean, taldean sartuko nintzela baieztatu nion».

Khane haranera heldu bezain laster, errusiarrok martxan jarri ziren. Lan luze eta gogorra egiten hasi ziren: ingurua esploratu, glaziarrak aztertu, estrategia antolatu... Eta, jakina, aklimatazio aktiboari ere ekin zioten.

Hasierako egunetan Tangra Dorrearen hormaren azpian ibili ziren: «Ikusgarria da harresi hori. Horma erraldoia, tentea eta nahasia. Inguruko pareta guztietatik nabarmentzen da. Tenperatura epela zen, baina eguraldia ez zen batere egonkorra. Leiho on baten zain egon ginen. Abuztuaren hasieran, Pakistanen, eguraldiaren leihoak ez dira luzeak. Astebete baino gehiago egon ginen geldirik kanpalekuan. Hiruzpalau eguneko leiho bat behar genuen gure jarduna egin ahal izateko, eta, egian esan, ez ginen oso itxaropentsu. Espedizioa amaitzeko ez ziren egun asko geratzen, eta erabakiren bat hartu behar genuen. Saiatzea erabaki genuen».

Hiru egun

Bizkar-zakuak eta petateak ondo antolatu ondoren, Krasnoiarsk hiriko eskalatzaileok tresneria guztia hormaren sarrerara eraman eta bertan igaro zuten gaua. Popovak esan duenez, argazkian proposatutako marra etxean bertan aztertu zuten. Antza denez, agerikoa den ibilbidea aukeratu zuten. Eta era berean, segurua: «Erditik gora pareta tentetu egiten da, eta horrek arrisku objektiboetatik babesten gintuen. Elurretan 30 eta 40 gradu arteko aldats gogorrak igo ondoren, hormatzarrean sartu ginen».

Hormaren beheko zatiak itxura ona zeukan. Prokofievek sekzio horren ardura hartu eta sokaburu bezala jardun zuen. Aurrez aurre zuena nahiko nahasia zenez, luze batzuk artifizialean egin zituen. Lehendabiziko eskalada egunean, hamar luze eskalatu zituzten: «Petateekin arazo batzuk izan genituen, baina, tira, ohiko kontuak izan ziren. Behin 5.400 metroko kotan, hamaka antolatu genuen. Zorionez, elurra aurkitu genuen eta hurrengo bi egunetarako sei ur litro urtu ahal izan genituen. Egian esan, lehendabiziko egun horrek ez zuen misterio handirik izan».

Biharamunean, pisua aurreztu ahal izateko, eskalatzaileok gasa eta tresneria batzuk bibak horretan utzi zituzten. Popovak sokadaren ardura hartu zuen: «Lehen metroak artifizialean egin nituen. Mantso joan nintzen, metro horiek horrela agintzen zutelako. Neure buruari esaten nion hurrengo metroak agerikoagoak izango zirela, baina ez nuen asmatu. Orokorrean, arrokaren erliebea eskasa zenez, metro horiek puntuz puntu lantzen joan nintzen. Bloke eta harri erraldoiak, erlaitz ugari, pitzadurak... aurkitu genituen. Hori zen panorama. Eguraldia, gainera, okertzen hasi zen. Elur pixka bat egin zigun, eta haizea indartzen hasi zen».

Popovak erlaitz handi bat ikusi eta hara abiatzea erabaki zuen. Alabaina, ez zegoen batere argi zein bide hartu behar zuen. Eskuinetik abiatzea otu zitzaion, baina Prokofievek aholkatu zion hobe zuela ezkerretik jotzea: «Azken aukera hori hobetsi nuen. Arreta handiz lan egin behar izan nuen. Sekzio hori puskatuta zegoen, eta harri bat bota eta Nikolairen gainean erori zen. Min hartu zuen, baina zauri larririk ez zuen egin behintzat. Azkenean, segurtasun arrazoiengatik, hamaka erlaitz handi baten azpian jarri genuen».

Hirugarren eguna gailur eguna izan zen. Aurreko bi egunetan eginiko lan eskergaren ondorioz, hirukotearen egoera ez zen batere ona. Deshidratazioa eta nekea azaleratzen hasi ziren: «Hormaren azken hiru luzeak tentsio handikoak izan ziren. Pendulu pare bat, zeharkaldi luze bat... Beti artesien bila. Eta aurkitzen genituenean, ikusten genuen izotzez estalita zeudela. Amaiera aldean, elurrarekin egin genuen topo. Biguna zen, eta geure buruak babesteko komeriak izan genituen. Gainera, trumoi hotzak gero eta ozenagoak ziren; Karakorum osoan zabaldu ziren. Tontorra zapaltzeko gutxi geratzen zitzaigun, baina arrokaren kalitatea oso txarra zen. Une jakin batean, 2-3 metroko arroka handi bat hormatik atera nuen. Erorikoa izan nuen, baina, zorionez, ipurmasailean eta ezkerreko hankan soilik hartu nuen min. Hala nola aurrera jarraitzeko aukera izan nuen. Ezbehar horretan hainbat tona harrik hegan egin zuten. Komeria handiak igaro ondoren, gailurra egin eta iluntzeko bederatzietan hamakan geunden».

Biharamunean, makina bat rappel egin eta gero, protagonistok paretaren oinarrira heldu ziren. Tangra Dorrean sari potoloa jaso zuten.