Andoni ARABAOLAZA
XEDE BEREZIA

Zazpi pareta zazpi egunean, Yosemiten,britainiarrentzat

Pete Whittaker eta Sean Warrenek Kapitaina, Leaning Tower, Mt. Watkins, Washington Column, Half Dome, Liberty Cap eta Lost Arrow igo dituzte.

Yosemiten eta batez ere Kapitaina bertako hormatzar enblematikoenean, hainbat hamarkada daramatzate eskalatzaileek izaera eta “kolore” guztietako jarduerak egiten. Ohikoena bide berriak zabaltzea, artifizialean daudenak askatzea... da. Badira oihartzun zabala jasotzen duten jarduerak ere: abiadurako errekorrak, zenbait pareta edo bide oso denbora laburrean igotzea...

Bada, historia luzea, emankorra eta aberatsa duen Yosemitetik beste aktibitate azpimarragarri bat jaso dugu. Ez da lehen aldia egiten dena, baina, oraingo honetan, protagonistak ez dira estatubatuarrak izan, baizik eta britainiarrak. Pete Whittaker eta Sean Warreni buruz ari gatzaizkizue. Azken hori ez da hain ospetsua, lehena, aldiz, bai. Eta Whittaker aipatzen badugu aurreratu behar da Yosemiten eta batez ere Kapitaina mitikoan goi mailako eskaladak egin dituela: bakarkako lehen igoera egunean eta era askean, Half Dome eta Kapitaina lotu...

Orain dela gutxi, berriz, sokada britainiarrak Yosemiteko zazpi hormatzar zazpi egunean igo ditu. Modu batera edo bestera, duela hiru urte Quinn Brett eta Josie McKee estatubatuarrak “kopiatu” dituzte, xede hori beraiek egin baitzuten lehendabiziko aldiz.

Whittakerrek aurreratu du Warren izan zela helburu horri ekitearen bultzatzailea: «Berez, eskalada artifizialaren zale amorratua da. Egia esan, ez genuen oso serio hartu; hots, planifikazio zehatzik ez genuen egin. Soilik saiatzea otu zitzaigun».

Zazpiak

Lehenik eta behin, sokada britainiarra Kapitaineko “Lurking fear” bidean sartu zen: «Jet lag-a oraindik gainean genuela, goizeko lauretan hasi ginen eskalatzen. Hormatzarreko artifizialeko biderik samurrena denez, ez genuen batere arazorik izan 600 metroak bederatzi orduko jardunean igotzeko».

Biharamunean, Kapitainetik Leaning Tower paretara joan ziren. Eta bertan, “West face” zuten zain: «Onartu behar dugu bigarren pareta hau eskalatzea oso eroso eta laburra dela. Denera, 200 metro dira. Marra osoan Sean joan zen buruan eta nik jumareatu egin nuen; izan ere, aurreko gauean hotzikarak eta goragalea izan nituen».

Whittakerri kosta egin zitzaion ondoeza gainetik kentzea. Baina oso motibatuta zeuden eta aurrera jarraitu zuten: «Goizeko lauretan altxatu eta Mt. Watkinsen den ‘South face’ bidera abiatu ginen. Hurbilketa ez zen erosoa izan, baina, bederen, paretak dituen 600 metroetan ondo aritu ginen. Bidearen lehen erdian ni sokaburu joan nintzen, eta, bestean, Sean. Zazpi ordu eta erdi behar izan genituen gailurrera heltzeko».

Laugarren egunean, Washington Columenko “Ten days after” eskalatu zuten. Bide horrek soilik 350 metro ditu: «Seanek bide osoa era artifizialean egin zuen; zortzi ordu eta erdiko jarduna izan zen».

Half Domen, berriz, “Regular” bide ezaguna igo zuten: «Eskalada estilo horretan askoz ere hobeto moldatzen naiz, eta marraren 600 metroetan gozatu egin nuen. Sei ordu eta erdian eskalatu genuen».

Oraindik bina egun eta pareta gelditzen zitzaizkien. Seigarren bidea Liberty Capen eskalatu zuten: “South West Face”. Nevada ur-jauzien gainean dago, eta bisita gutxi izaten ditu: «Arroka oso zikina zegoen, baina egoera horretan eskalatzera ohituta gaude. Alabaina, sei orduko lana egin behar izan genuen».

Helburua biribildu ahal izateko, Arrow Spire paretara joan ziren. “Direct route” izan zen azken bidea: «Nahiz eta amaitzeko gogo handiarekin egon, 400 metro luze den marra horretan ederto pasa genuen. Zortzi orduko eskalada izan zen».