Haritz LARRAÑAGA
URRUÑA

Larri gaixo dagoen Ibon Fernandezen zigorra etetea onartu du epaileak

Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak Igor Fernandezen zigorra etetea onartu zuen atzo, Lasarte-Oriako presoak esklerosi anizkoitzari aurre egiteko behar dituen zaintzak espetxean jasotzea ezinezkoa dela iritzita. Gainera, egungo testuingurua kontuan hartuta, Fernandez askatzea ez litzatekeela «arriskutsua» uste du epaileak. Fiskaltzak, baina, helegitea jarri du. Bi hilabete barru emango du azken epaia Dei Auzitegiak. Artean, Fernandezek espetxean jarraituko du.

«Itxaronaldi luzea izan da, baina balio izan du», adierazi zion GARAri Maritxu Paulus-Basurko abokatuak. Izan ere, pasa den urriaren 30ean eman behar zuen Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak larriki gaixo dagoen Ibon Fernandez Iradiren gaineko zigor etete erabakia, baina atzora arte atzeratu zuen epaia.

Fernandezek duen esklerosi anizkoitzari aurre egiteko bitartekoak espetxean ez direla bermatzen onartu zuen Parisko Auzitegiak. Horrez gain, egungo testuinguru politikoa kontuan hartuta, Fernandez aske geratzeak «ez lukeela lehengo jardunetara itzultzeko arriskurik suposatuko» nabarmendu zuen epaileak.

Abokatuaren iritziz, «epaileak esandakoak zinez positiboak dira». Hala ere, Dei Auzitegiak eman dezakeen azken epaiaren aurrean «kezka handia» azaldu zuen Paulus-Basurkok. Izan ere, epaia kaleratu bezain laster fiskalak helegitea jarri zuen eta orain Dei Auzitegiari dagokio hamasei urte espetxean daramatzan Lasarte-Oriako presoaren zigorra eteteko eskaera onartzen duen erabakitzea.

Bi hilabete barru kaleratuko da azken epaia eta bitartean giltzapean jarraituko du egun Lannemezango espetxean den preso gipuzkoarrak. Dei Auzitegiak har dezakeen erabakiarekin kezkatuta agertu zen atzo Paulus-Basurko, bere esanetan, «normalean Dei Auzitegiak eskaera guztiak atzera botatzen baititu».

Larriki gaixo dauden presoak

Pasa den urriaren 30ean egin zuten bezala, atzo ere elkarretaratzeak deitu zituzten Sare eta Bakebideak Lasarte-Orian eta Baionan, Ibon Fernandez Iradiren zigorra eteteko erabakiaren berri eman eta larriki gaixo dauden euskal preso guztien askatasuna eskatzeko. Lapurdiko hiriburuan 60 lagun bildu ziren eta Fernandez aske utzi ez izana gaitzetsi zuten elkarretaratzean parte hartu zuten bakearen artisauek. Lasarte-Orian, ostera, elkartutako manifestariek datozen egunetarako antolatu dituzten hitzaldi eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu zieten herritarrei.

Gaur egun 21 euskal presok osatzen dute gaixo larri daudenen zerrenda beltza. Kontuan izan behar da, hori bai, orain dela gutxi arte zerrenda horretan zeuden hiru presok galdu dutela bizia aurten. Izan ere, urriaren 29an Jose Angel Otsoa de Eribe zendu zen, eta, urtarrilean, Oier Gomez eta Juan Mari Maizkurrena. Hirurak kalera atera eta oso hilabete gutxira hil ziren.

Beharrezko zaintzak espetxean jasotzerik ba ote den eztabaidagai

Fernandezen egoera eta espetxeko bizi baldintzak bateragarriak diren aztertzeko lau txosten egin dituzte zigor auzia aztertzeko egin diren bi prozeduretan. Lehen bi txostenetan euskal presoaren gaixotasuna eta espetxea bateraezinak zirela esaten zuten auzitegiko medikuek.

Fernandezen zigorra etetearen alde agertu zen epailea 2014ko ekainean, baina ezarri zituen baldintzekin Fernandez kaleratzea ezinezkoa zenez (besteak beste Estatu frantsesean egoteko debekua du), espetxean jarraitu zuen Lasarte-Oriako presoak.

Lau hilabete geroago, Parisko Dei Auzitegiak behin betiko epaia atzeratu eta hirugarren txosten mediku bat eskatu zuen. Txosten horren arabera, Fernandezek eritasunari aurre egiteko behar dituen baldintzak bermatzen dira espetxean. Ostean, 2015eko maiatzean, zigorra etetea baztertu zuen Dei Auzitegiak eta Fernandezen defentsak helegitea jarri zuen. Jarraian, Kasazio Gorteak 2015eko maiatzeko erabakia baliogabetu zuen, eta prozedura berrabiarazi egin zen beste epaile batekin.

Bigaren prozedurako txosten medikuan Fernandezen gaixotasuna eta espetxea bateragarriak direla esaten zen, baldin eta baldintza batzuk betetzen baziren. Epaileak, ordea, defentsarekin bat egin eta erabaki du «medikuek proposatzen dituzten neurriak ezinezkoak» direla espetxean eta eritasuna artatzeko berme bakarra zigorra etetea dela H.L.