Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Mobilizazioa Parisen, hizkuntza gutxituak «bizi daitezen»

Estatu frantsesean diren hizkuntza gutxituen ordezkariek mobilizazio bateratua egingo dute lehen aldiz Parisen. Azaroaren 30ean Hezkuntza Ministerioaren aitzinean elkarretaratzea egingo dute, «hizkuntzak hiltzen dituen» Blanquer ministroa zuzenean interpelatzeko. Euskal Konfederazioak bat egin du ekimenarekin eta autobusak antolatu ditu. Bitartean, Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboaren manifestuak atxikimenduak jasotzen jarraitzen du.

Euskal Konfederazioak azaroaren 30ean Parisa joateko deia zabaldu du. «Okzitaniera, bretoiera, katalana, korsikera, flandriera, alsaziera, arpitaniera, oil hizkuntzak, kreolera eta itsasoz haraindiko lurraldeetako jatorrizko hizkuntzak defendatzen» dituzten elkarteekin batera osatu zuten Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak antolatu du mobilizazio bateratua.

Ekimenaren berri emateko Baionan egin zuten prentsaurrekoan, «egoera larria» dela nabarmendu zuten Euskal Konfederazioa osatzen duten eragileetako ordezkariek. Hala, Jean-Michel Blanquer ministroaren politika «linguizida» salatzeko haren bulego azpian bilduko dira azaroaren 30ean goizeko hamaiketan.

Bezperan, ostirala, Larzabale, Hendaia eta Baionatik autobusak aterako dira gaueko bederatziak aldera, eta, antolatzaileek jakinarazi zutenez, larunbatean arratsaldeko ordu bietan finkatu dute itzulera ordua Parisen.

Kolektiboa eta manifestua

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen Kolektiboak Parisen antolatutako lehendabiziko mobilizazio bateratua da, baina horrez gain kolektiboaren izena daraman manifestu bat ere kaleratu dute eta jada 8.000 sinatzailek baino gehiagok babestu dute adierazpena. Sinatzaileen artean, gainera, 20 parlamentari daude, baita Max Brisson senatari lapurtarra ere.

Parisen izango den mobilizaziora joateko deia zabaltzen duen agiriak gogor kritikatzen du Gobernu frantsesak hizkuntza gutxituen kontra azaltzen duen jarrera.

Unescok desagertzear diren hizkuntzak direla ohartarazten duen arren, Estatu frantsesak oztopoak jartzen jarraitzen duela salatzen dute sinatzaileek. «Gure hizkuntzek eta kulturek osatzen duten milurteko ondare immateriala suntsitzeko ahaleginak egiten segitzen du Frantziak», dio manifestuak.

Murgiltze sistema eta baxoa

Euskal Konfederazioa osatzen duten elkarteetako ordezkariek beraien lan eremuan aurrera egiteko dituzten zailtasunak agertzeko adibideak jarri zituzten, baina batez ere bi arlotan jasandako «erasoak» gaitzetsi zituzten. Batetik, Blanquer ministroak murgiltze sistema desagerrarazi nahi duela salatu zuten, eta bestetik, «baxoaren erreformak ekartzen dituen kalte izugarriak» azpimarratu zituzten.

Mobilizatzeko deia egin duten elkarteen iritziz, «gaur egun jokoan dena guk denok gure lurralde desberdinetan zaintzen eta garatzen dugun kultur ondarearen desagertzea da».