DONOSTIA

Xabier Lete omenduko dute bere heriotzaren X. urteurrenean

Xabier Leteren inguruko dokumentala eta erakusketa aurreikusi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020rako. Poeta eta abeslariaren ibilbide literario eta musikala ardatz izango duen ekitaldi bat ere egingo dute.

2020ko abenduaren 4an beteko da Xabier Lete hil zeneko hamargarren urteurrena. Hori dela eta, Denis Itxaso Kultura diputatuak Gipuzkoako Foru Aldundiak poeta eta abeslariari egingo dion omenaldia aurkeztu zuen atzo, efemeride horretan aurreikusitako jarduera eta ekimen nagusiekin batera.

Xabier Lete Nazioarteko Euskarazko Poesia Saria banatzea izango da ekimen horien artean lehena. Sariketaren bosgarren edizioan parte hartzeko deialdia zabalik dago uneotan, abenduaren 5era arte. Lehiaketara aurkezten diren lanek euskaraz, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute.

Itxasoren hitzetan, sariketa «Xabier Letek euskarazko poesia belaunaldi oso bati hurbiltzeko egindako lanaren aitortza da», eta poetak «humanismoan eta balioen defentsan oinarritutako euskal nortasuna eraikitzeko» egindako ahalegina azpimarratu nahi du. Ildo beretik mintzatu ziren Maria Jose Telleria Kultura zuzendaria, Lourdes Otaegi Sariaren epaimahaikidea eta Juan Kruz Igarabide idazlea, ekitaldian zehar Leteren poema bat errezitatu zuena.

Gipuzkoako Kultura diputatuak gogorarazi zuenez, Lete beti izan zen kulturarekin konprometitutako gizona. Itxasok 2020an zehar poetari egingo zaion aitortzan egingo diren jardueren berri eman zuen. Horien artean, aurreikusita dago musika eta poesia uztartuko dituen ekitaldi bat ere, eta horren formatua definitzen ari dira une honetan. Omenaldia Leteren ibilbide literarioa, musikala eta bizitza jarraitu zuten pertsonak hartzeko gaitasuna duen antzoki edo areto batean egingo da.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskuratu zituen artistaren funtsen aukeraketa bat egiten ari dira, horiek oinarri hartuta EAE zeharkatuko duen erakusketa ibiltari bat diseinatzeko. Hirugarren ekimena artistaren bizitza eta obrari buruzko dokumental baten ekoizpena izango da, datorren urteko uda ostean estreinatuko dutena.