Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Gerrillarien erradiografia, Kapuscinskiren eskutik

Katakrak argitaletxeak Ryszard Kapuscinskiren «Kristo fusilarekin» argitaratu berri du euskaraz, Amaia Apalauzaren itzulpenaz. Liburuak erreportaje sorta bat biltzen du eta, horien bidez, munduko gatazka ezberdinetako gerrillarien erradiografia dakarkio irakurleari.

Palestinan zein Mozambiken, munduko txoko ezberdinetan askatasunaren alde borrokatu diren gerrillari ezagun zein anonimoen istorioak batzen ditu Ryszard Kapuscinskiren “Kristo fusilarekin” (Katakrak) liburuak. Jatorrizko hizkuntzan, poloniarrez, 1975. urtean ikusi zuen argia argitalpenak eta erreportari poloniarra nazioartean ezagun egin duten liburuetako bat da.

Argitalpenean Kapuscinskik Palestina, Latinoamerika eta Mozambikeko gatazketan idatzi zituen erreportajeen sorta bat biltzen da eta, horien bidez, gerrillariaren figuraren gaineko gogoeta proposatzen da. «Liburu honetan biolentziaren gaia lantzen da, zehazki, gerrillariaren figuraren analisia egiten da erreportaje ezberdinen bidez», zehaztu zuen liburuaren aurkezpenean Katakrakeko Hedoi Etxartek, eta Kapuscinskik gerrillariaren gertuagoko irudi sakonagoa emateaz gainera kazetaritzaz gogoeta egiten duela ere nabarmendu zuen.

Etxarteren hitzetan, Kapuscinskik «ulertu» zuen kazetaritza-lanak «norbaitek sinatzen baditu ere iruzur txiki bat» badagoela, «egiten dena delako leku batera joan, istorioak jaso eta modu batera aurkeztu». Zentzu horretan, Kapuscinskiren bertute handienetakoa arnas luzeagoko kazetaritza egitearena dela uste du Etxartek, protagonistekin egoteko denbora hartuz, testuinguruaren eta espazioaren erretratua eskainiz eta idazkeran bertan ere horren berri emanez. «Publikatzen dugun lehen kazetaritza lana da, nahiz eta zalantzan jarri behar dugun kazetaritzaz ulertzen duguna den ala ez», egin zuen hausnarketa, poloniarrak kazetaritza eta literatura uztartzeko egindako ahalegina aintzat hartuz.

Ane Irabazabelen hitzaurrea

Etxartek liburuaren hitzaurrea Ane Irabazal nazioarteko erreportariak egin duela ere nabarmendu zuen. Hitzaurre horretan, Kapuscinskik politikariak elkarrizketatzea gorroto zuela ekartzen du gogora kazetari gipuzkoarrak eta bere helburua «ikusezinei ahots politikoa eskaintzea» dela baieztatzen du: «Ez zuen inoiz kazetariaren misio mesianikoan sinistu, baina argi zeukan noren alde zegoen: ‘Pobreak munduko populazioaren %80 dira, baina pobreziak ez du ahotsik. Nire betebeharra da pertsona horiek entzunaraztea’», dakar gogora, poloniarraren hitzak baliatuz.

Boliviatik Mozambikera

Amaia Apalauzarena da itzulpena. Aurkezpenean, liburua hiru zatitan egituratuta dagoela zehaztu zuen itzultzaile iruindarrak. «Palestinari buruzko ikuspegi arabiarra» biltzen du lehenean: «Lerro gutxitan oso ondo azaltzen du 1947ko gerra eta gakoak ematen ditu gaur egungo egoera ulertzeko. Libano, Siria, Jordania… hainbat ikuspegi ematen ditu», aipatu zuen, eta idatzi horietan Kapuscinskik herri xehearekin izandako elkarrizketa luzeen mamia agerrarazteko duen gaitasuna goraipatu zuen.

Bigarren atalak Latinoamerika du jomuga eta Bolivia, Guatemala, El Salvador edota Haitiko kontakizunak dakartza. «Boliviakoa harira dator egun hauetan gertatzen ari direnak ikusita, eta horiek ulertzeko oso aproposa izan daiteke, duela 60 urte antzerakoak gertatu zirelako», esan zuen. Kapsucinskiren erreportajean botere militarrak Bolivian duen indarra islatzen dela eta «kolpe militar bat zein erraz egin daitekeen» ikusarazten dela ziurtatu zuen.

Bigarren atal horretatik Salvador Allende eta Ernesto Che Guevararen parekidetasuna egiten duen idatzi bat nabarmendu zuen itzultzaileak, eta azaldu zuen “Zergatik hil zuten Karl von Spreti” (Guatemalako enbaxadore izandakoaren bahiketatik abiatuta hilketa botere-tresna gisa erabiltzearen gainean dihardu) testuaren bi bertsio badaude ere, duen garrantziagatik beraiek Kapuscinskik 1970ean liburu autonomo gisa argitaratu zuena itzultzea hobetsi dutela.

Hirugarren atala Mozambikeko independentzia gerrari dagokio. Apalauzak gogora ekarri zuen Kapuscinskik urte mordoa eman zuela Afrikako gerra ezberdinen berri ematen –Angolakoan Kapuscinskik bizitakoen berri ematen du, esaterako, Raul de la Fuentek zuzendu eta iaz estreinatuta zen “Egun bat gehiago bizirik” animaziozko filmak–. Ildo horretan, liburuak biltzen dituen kontakizunen bidez, Kapuscinskik urrun dauden gerren arteko lotuneak azaleratzen dituela ere nabarmendu zuen: «Geografikoki urrun daude gerrok elkarren artean, baina Kapuscinskik gogoeta egitea nahi zuen, horiek injustiziaren aurrean duintasuna berreskuratzeko nahiak bateratzen dituela ohartarazteko».