Andoni ARABAOLAZA
JARDUNALDIAK

Bidezidor-kirola eta osasuna, funtzionatzen duen tandema

Hilaren 1, 2 eta 3an Bidezidor-kirolaren Estatuko 27. Jardunaldiak egin zirenGasteizen. Euskal Mendizale Federazioaren eskutik, 80 ordezkari bildu ziren.

Fedmek antolatutako Bidezidor-kirolaren Estatuko 27. Jardunaldiak egin berri dira Gasteizen. Egoitza Euskal Mendizale Federazioak jarri zuen. Topaketa hau hilaren 1, 2 eta 3an egin zen, eta, izaera publikoa izan zuenez, hainbat mendizale federaziok, adituk eta erakundek hartu zuten parte.

Oro har, bertaratutakoek irizpideak trukatu eta beste esperientzia batzuk ezagutu zituzten. Argi utzi zuten guztiek xendazaletasuna (gaztelerazko senderismo) osasunerako onuragarria dela. Bai alde fisikorako bai psikologikorako. Hori izan zen jardunaldietan azpimarratutako ondorio bat. Horregatik, prebentzioaren arloan duen garrantzia kontuan hartuta, kirol hori bultza dezatela eskatu zieten erakunde publikoei.

Jakina, helburu hori aurrera eramateko ezinbestekoa da inplikatutako eragile guztien koordinazioa: sendagileak, teknikariak, hezitzaileak eta federazioetako arduradunak. Bide batez, federazioak zein mendizale taldeak jarduera fisikoak, oro har, eta bidezidor-kirolak, zehazki, eskaintzen dizkigun onuren bultzatzaileak diren heinean, erakunde horiek guztiek mezua helarazi behar diete herritarrei aurrerapen horiek hutsalak izan ez daitezen.

Beste ondorio batzuen artean, bildutakoek diote bidezidor-kirola osasunerako estrategia gisa erabiltzearekin lotutako esperientziak jasotzea komeni dela; betiere, eredu moduan erabiltzeko.

Bide egokia

Laburbilduta, jardunaldi horietan parte hartu zutenek zutabe horiek guztiak azpimarratu nahi izan zituzten. Lerroburuak horiek izan ziren, baina gehiago sakontzeko Euskal Mendizale Federazioaren Bidezidor-kirolaren eta Ingurumenaren ordezkari eta Zuzendaritza Batzordeko kide David Aldayren hitzak jasoko ditugu.

Lehenik eta behin, gogorarazi nahi izan du federatuen gehiengo zabal batek bidezidor-kirola praktikatzen duela: «%95 dira, gutxi gorabehera. Eta, gainera, gero eta zale gehiago hurbiltzen ari da kirol honetara. Mendiko kirol batzuekin alderatuta, ez da hain zorrotza. Horrekin esan nahi dut, adibidez, ez duela gehiegizko prestaketa fisikorik eskatzen. Bestalde, kirol honek gizabanakoekin eta kulturekin hartu-emanetan jartzen ditu, eta horiek bertatik bertara ezagutzeko bitarteko eraginkorrena da».

Aldayk azpimarratu duenez, jardunaldi hauek garrantzi handia dute: «Dagoeneko 27 ekitaldi egin dira, eta EMFk hirutan jarri du bere egoitza. Azken honetan profil desberdinetako erakunde publiko, mendizale federazio eta adituak elkartu dira. Denera, 80 lagun. Guztion artean, hainbat eta hainbat arlo jorratu ditugu: azken joerak, berrikuntzak, ikerketak... Bilera hauetan Fedme-ren barruan gauden federazio guztiak bat etorri ginen honako asmoan: bidezidor-kirola eta osasuna elkartzen duen binomioa bultzatu behar da. Horretarako, datozen urteotako ibilbidea markatuko duen helburu horretan egingo dugu lan».

Hori esan eta gero, Euskal Mendizale Federazioko ordezkariak dio lehenik eta behin kirol hau praktikatzen dutenen osasunean zer-nolako ondorioak dituen identifikatu behar dela: «Badakigu onurak baino ez dituela baina, jakina, hau guztia bide egokienean jartzeko eredu batzuk indarrean jarri behar dira. Esperientzia desberdinak daudenez, uste dugu horiek trukatu behar ditugula. Horregatik eragile guztien parte-hartzea ezinbestekoa da: erakunde publikoak, teknikariak, hezitzaileak... Hori da bidea, eta horretan jardungo dugu».