Ekhi MARTIN
DONOSTIA

Bi klasiko eta lan garaikide arrakastatsu bat itzuli ditu Igela argitaletxeak

Burundin jaio eta gerraren ondorioz Estatu frantsesera erbesteratzen den gazte baten berri ematen du «Ene herri txikia» lanak, Gael Fayek idatziak eta Irati Bereau Baleztenak euskaratuak. Xabier Olarrak, berriz, klasikoei heldu die Robert Louis Stevensonen «Catriona» eta Arthur Conan Doyleren «Estudio Eskarlata» eta «Baskervilletarren ehiza-txakurra» lanekin. Azken hauek Sherlock Holmes detektibeari buruzko sail berri bati hasiera ematen diote.

Robert Louis Stevenson eta Arthur Conan Doylek gutunak idazten zizkioten elkarri. Abentura- liburuak idazten zituen lehenak, Sherlock Holmes detektibea sortu zuen bigarrenak. Garai hartan ez zekiten mende bat beranduago beraien liburuek oraindik arrakasta izango zutela. Haien alboan, Gael Faye, hip-hop musikatik datorren eta lehen eleberriarekin mugak hautsi dituen idazlea.

Azken horren lana da “Petit pays” (2016), orain Irati Bereau Baleztenak euskaratu duena: “Ene herri txikia”. Lehen liburu hori 30 hizkuntzatara baino gehiagora itzulia izan da, eta hainbat sari lortu ditu, tartean Estatu frantseseko batxilergoko ikasleek banatzen dutena.

Eleberrian kontatzen duen istorioa bere bizitzarekin pareka dezakegu, nahiz eta ez den autobiografikoa: Gabriel 10 urteko haurraren pausoei jarraituko diegu. Burundiko herri batean sortu zen, ama errefuxiatu ruandarra eta aita frantses zuria zuela. Haurtzaro zoriontsua izan zuen arren, gurasoak banantzearekin batera hutuen eta tutsien arteko gerra hasten da. Aita frantsesa izanik, Estatu frantsesera erbesteratzeko aukera emango diote. Bertan integratuko da, baina herriminari eta sendatu ez diren zauriei jarraituz, 33 urte betetzean etxera itzultzea erabakiko du.

Faye bera ere Burundikoa da eta 13 urterekin utzi behar izan zuen bere herria. Versailles ingurura ihes egin zuen arrebarekin. Bertan rap tailer batean izena eman zuen eta sendabide bilakatu ziren berarentzat musika eta idazketa. Lehen diskoa egin zuenean “Petit pays” aipatu zuen kanta batean, eta editore batek horren inguruan liburua idazteko proposamena egin zion. «Zergatik halako arrakasta? Nori interesatuko zaio? –galdetu zuen itzultzaileak erretorikoki aurkezpenean–. Oso lokala izan arren munduko edozein lekutan ulertzeko modukoa delako. Gai unibertsalak jorratzen dira». Gabriel (eta Faye bera) «Burundin zuria da, eta Frantzian beltza», esan zuen. Eleberrian aipatzen da identitate arazoa, herrimina eta ama hizkuntza desberdin bat izateak zer dakarren berarekin.

Iragan berritua

Orainalditik iraganera salto eginez, bi klasiko dakartza Igelak, Xabier Olarrak itzuliak. Robert Louis Stevensonen “Catriona” aurkezteko, Igelako lantaldeko kide Joseba Urteagak hartu zuen hitza. «Zergatik jarraitzen dugu Stevenson irakurtzen eta argitaratzen? Zeinek erabakitzen du urteetan zehar zein artistak merezi duten? Stevensonek esaten zuen abentura nobelak egiten zituela, eta John Fordek esaten zuen western-ak egiten zituela», esan zuen biek, bakoitzak bere arloan, izandako arrakasta konparatuz, nahiz eta beraiek egiten zutenari garrantzia kentzen zioten.

Igelak “Ballantraeko premua” argitaratu zuen 1997an, eta 1994an, berriz, “Bahitua”. Azken honen bigarren zatia da “Catriona”, zeinaren jatorrizko bertsioa 1893an idatzia izan zen. «Gizonek gizon pertsonaiak sortzen zituzten gehienbat, eta ikuspuntua ere gizonena izan ohi zen. Kasu honetan Catriona da protagonista David Balfourren hitzetan kontatutako istorioan, non kontatzen duen nola maitemintzen den emakumeaz eta zein gorabehera izan zituzten. Hiru eleberri hauek, “Altxorraren uhartea” eta “Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia” lanekin batera, «ezinbestekoak» direla uste du Urteagak.

Stevenson Arthur Conan Doylen garaikidea izan zen eta gutunak bidaltzen zizkioten elkarri. Bi idazle eskoziar handiak lagunak ziren, baina oso testu desberdinak idazten zituzten. Conan Doylek bera baino ospetsuagoa egin zen Sherlock Holmes detektibea sortu zuen. Lehen eleberriarekin arrakasta handirik izan ez zuen arren, pertsonaia protagonista zuten hamarka istorio argitaratu zituen aldizkari batean, eta pixkanaka sona hartzen joan zen.

Xabier Olarrak azaldu zuenez, idazle serioa izan nahi zuen eta Sherlock Holmesekin «nazkatuta» amildegitik behera bota zuen istorio batean. «Oso gutxitan gertatzen da irakurleak sututa egotea, indarkeriara iristeko prest, pertsonaia bat hil duzulako», adierazi zuen. Hala, ez zuen beste aukerarik izan eta «berpiztu» egin zuen istorio gehiago idazteko.

Sherlock Holmesen sail berria hasi du Igelak, duela 30 urte euskaratu zen “Estudio Eskarlata” berrituz eta “Baskervilletarren ehiza-txakurra” euskaratuz. Datozen urteetan gelditzen diren beste bi eleberriak eta ipuinak (liburuetan banatuta) argitaratzeko asmoa dute, pertsonaia horrek oraindik ere gazteengan irakurzaletasuna sustatzeko gaitasuna duela iritzita.