2019/11/20

Euskaraz eta frantsesez ikasteko eskola berria zabalduko dute Donostian

Datorren ikasturterako hezkuntza aukera berria izango da Donostian frantsesez eta euskaraz: Larrun ikastetxea. Itunpekoa izango da eta 2. mailako ikasketak amaitzerako ikasleak hirueledunak izatea du xede.

Arantxa MANTEROLA|DONOSTIA
1120_eh_larrun

Larrun eskola frantses-euskaldunaren sustatzaileek ilusioz eta gogotsu aurkeztu zieten egitasmoa atzo Donostiara jindako Akitania Berriko ordezkariei. Egiaz, ez da proiektu berria haientzat. Izan ere, badira urte batzuk guraso talde bat bi hizkuntza oinarri izango lituzkeen hezkuntza aukera jorratzen hasi zela.

Batez ere Donostialdeko eremu geografikoan kokatuko litzatekeen ikastetxearen bideragarritasuna egiaztatzeko, euroeskualdeko atea jo zuten, eta azterketaren emaitza ustekabeko ederra izan zen, ohartu baitziren uste baino jende gehiagok zuela interesa. Hala, duela lau urte Akitania Berria eskualdea bidelagun bilakatu zen eta herenegun bertan 200.000 euroko dirulaguntza onartu zuen Larrun proiektua bultzatzeko.

Aukerak zabaldu

Ikastetxearen sustatzaileak errealitate batetik abiatu ziren; duela hamarkada batzuk hezkuntza ereduetan ingelesaren alde egin zela-eta, frantsesaren ezagutza oso eskasa da aipaturiko eremuan. Hutsunetzat duten errealitate horrek sozialki, kulturalki eta ekonomikoki zenbait galera dakartzala uste dute, batik bat, Bidasoaren bi aldeetako eremuan.

Hezkuntza eskaintza berri hori sortzeko, ordea, euskarak –eremu horretan hizkuntza komuna izanik– ezinbestean presente izan behar zuen eta, nola ez, beste hizkuntza ofizialak ere –gaztelaniak, alegia– berezko lekua izan beharko luke, bigarren mailako ikasketak burututakoan ikasleak hirueledun izatea baitute helburu. Ez hori bakarrik, «Batxi-Bac» (bi estatuetan baliagarria izango den batxilerra) eskuratzeko bidea emango du.

Itunpeko eskola

Beren haurrak hezkuntza eredu horretan eskolatuko dituzten gurasoek zein kostu ekonomiko izango luketen ere neurtu zuten, ez baitute «eskola elitista» izan nahi. Hala, itunpeko eskola izateko urratsak egin dituzte eta Lakuaren baimenak lortzear daude. Arlo pedagogikoa, berriz, Mondragon Unibertsitatearekin landu dute, bereziki eleaniztasuna lortzeko bidean.

Larrun ikastetxea Amara Berriko Karmelo ikastetxea zenaren hegal batean kokatuko da. Hiru ikasgelarekin hasiko dira 2, 3 eta 4 urteko haurrekin, baina datozen asteetan burutuko dituzten obrekin, beste lau gela ere erabilgarri izango dituzte eskaintza garatzen joateko. Horrez gain, 200 metroko beste gune bat ere izango du, jolastoki edo atsedenlekurako.

Abenduan publizitate kanpaina handi bat egingo dute eta urte hasieran hainbat ate-ireki jardunaldi antolatzeko asmoa ere badute. Matrikulazio epea, berriz, otsailean zabalduko dute.

EZ ELITISTA


1998an Donostian Lizeo frantsesa itxi zenetik eta ingelesari hezkuntza ereduetan lehentasuna eman zitzaionetik frantsesaren ezagutza oso eskasa da gurean; Larrun ikastetxeak hutsune hori bete nahi du «baina ez ikuspegi elitista batetik, haurrek aukera gehiago izan dezaten baizik».