GARA
DONOSTIA

Goiak ez ikusiarena egin du Antiguako luiziaren aurrean

Eneko Goia Donostiako alkateak ez zuen Antigua auzoan izandako luiziaren gaineko azalpenik emateko borondaterik erakutsi atzoko udalbatzarrean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek hori eskatu bazioten ere. Areago, gertaerak kaltetu dituen herritarrei ere hitza ukatu zien. Auzotarrek metroa eraikitzeko lanekin lotzen dute gertatutako lur-jausia.

Donostiako alkate Eneko Goiak uko egin dio Antigua auzoko Zarautz etorbidean aste honetan gertatutako luiziaren gainean udalbatzarrean azalpenak emateari. Are gehiago, egoera hau pairatzen ari diren auzokideen ordezkariari hitz egiteko eskubidea ukatu zion.

Auzokoen iritziz, Lizarriturri etxeen atzeko hegian izandako lur-jausi hori Donostiako Metroa eraikitzeko obrek eragin dute. Bizilagunetako batek adierazi duenez, hamarkadak daramatzate etxe horiek harresi horren aurrean eta, urteetan euri jasa handiek eragindako arazoak izan badituzte ere, inoiz ez da aste honetan izan duten lur-jausiaren antzekorik gertatu.

«Topoaren pasantearen obrak izan arte ez da horrelakorik gertatu. Oso argi dugu hori», adierazi die kazetariei kaltetutako etxeetan bizi den Mari Carmenek, Goiak udalbatzarrean hitz egiteko aukera ukatu ondoren.

Obrak hasi zirenetik etxeetan zirrikituak dituzte. Egoera salatu zuten, baina ez dute erantzunik jaso. Zaratak eta dardarak ere jasaten dituzte.

Gogorarazi dute 2007ko txosten batek luizia gertatu den mendi-magala ez dela ukitu behar adierazten duela. «Baina justu hor egiten ari dira geltokia, eta Benta Berrira heltzeko tunela ere hortik doa», esan zuen ordezkariak.

Satorralaia, Donostialdeko Metroaren aurkako herritarren plataforma, ere bat dator auzokide horien ikuspuntuarekin. EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko udal taldeek Eneko Goia Donostiako alkateari azalpenak emateko eskatu zioten atzo izan zen udalbatzarrean, baina honek ez dio eskaerari jaramonik egin. Are gehiago, lur-jausia pairatu duten herritarrei ere ez die ahotsik eman nahi izan.

Eneko Goiaren jarrerak haserrea eragin du udalbatzarrera joan ziren Antiguako auzotarren artean. «Nahikoa da! Metroari ez!», «Non daude herritarren eskubideak?» eta halakoak oihukatu zituzten udaletxetik atera aurretik.