Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Saizarbitoria neska gazte baten azalean jarri da liburu berrian

17-18 urteko ikasleek jada irakurri dute Ramon Saizarbitoriaren nobela berria, «Miren eta erromantizismoa», eta beren ikuspuntua emateko prest daude. Horietako batzuekin egin zuen egileak aurkezpena atzo goizean. Adin horretakoak dira istorio honetako protagonistak ere eta ikasleetako batzuk liburuan kontatzen denarekin identifikatuta sentitu dira.

Neska gazte baten azalean jarri da Ramon Saizarbitoria “Miren eta erromantizismoa” liburuan. Ezohiko aurkezpena egin zuen atzo egileak, batxilergoko ikaslez inguratuta; lehenengo, talde txiki batez lagundurik, euren inpresioez hitz egiteko, eta Donostiako Usandizaga institutuan ondoren.

«40 urte bete dira lehen liburua idatzi nuela. 24 urterekin otu zitzaidan zahar baten ahotik istorioa kontatzea. 73rekin jarri zait neskato baten ikuspegitik gauzak kontatzeko gogoa», esan zuen. Hala ere, beldur pixka bat izan duela aitortu zuen, eta neska baten ikuspuntutik idazteko «eskubidea» duen galdetu diola bere buruari. Azkenean baietz erabaki eta nobela berri hau kaleratu du Erein argitaletxearekin euskaraz eta gazteleraz.

Saizarbitoriarekin batera Maria, Arai, Maddi, Miren, Ibai, Manu eta Alba ikasleak eta Itziar literaturako irakaslea izan dira hedabideen aurrean. Bigarren DBHOko 2. mailako ikasleen ustetan, Saizarbitoriak asmatu du Miren protagonistaren pentsamoldearekin, nahiz nobelako ikasgelako giroa «infantila» iruditu zitzaien hasieran. «Klara gelako guaya da eta denak atzetik doaz, eta hori gauden mailan ez da gertatzen», argitu zuen Ibaik; bestela, oro har, pertsonaiaren pentsamoldeari oso egokia deritzo. Albaren iritziz, adibidez, «alderdi psikologikoa da gauzarik landuena».

Ikasleen ikuspuntua

Maitasun istorio bat kontatzen du liburuak, baina gazteek izan ditzaketen bestelako arazoak ere ageri dira. Klara eta Miren lagun minak dira, eta Said mutil marokoarra institutura iristean biek nahi dute berarekin ibili. Gazteek argitu dutenez, Klararen kasuan interesagatik da, denek esaten dutelako mutil polita dela eta bera beti nahi duen guztia izatera ohituta dagoenez hori ere lortu nahi duelako. Mirenek sentitzen duena, berriz, askoz sakonagoa da.

Egileak aipatu zuenez, bere nobela guztietan dago jakituriarekiko errespetua, eta oraingoan ere aipu eta erreferentziak sartu ditu Miren eta Saiden hitzetan, irakurleek ezagutzen ez badituzte beren interesa pizteko. «Ez dut esfortzurik egin gaurko gazteen mundua eta hizkuntza ezagutzeko. Batzuek esango dute Miren hori ni naizela, baina uste dut Miren bezalako gazteak ere badaudela».

Berak ez du publiko bat buruan duela idazten, eta nahiago du aurretik etiketarik ez jartzea, ondoren kritikariek sailkatuko badute ere. Bere ustetan, gazteek denetarik irakurri behar dute, eta hori da liburu hau idazteko arrazoietako bat, uste baitu eskoletako irakurgai asko ez direla aproposak. Manu bat dator ideia horrekin. Bere iritziz, taldea bitan banatzen da: irakurtzea gustuko dutenak eta derrigortuta irakurtzen dutenak. «Irakurtzea gustatzen zaigunoi gazte literatura motz geratzen zaigu eta helduen literaturara jo behar dugu».

“Miren eta erromantizismoa”-ak ikasleak gogoetatzera bultzatu ditu. Bere izen bera duen protagonistak «egiten dituen galdera filosofikoak» noizbait bere buruari egin dizkiola esan du Mirenek. Liburuan agertzen den maitasun motari buruz ere aritu ziren eta, Mariaren ustez, «Miren gazteegia da norbait hainbeste maitatzeko»; Maddiren hitzetan, «ezinezko maitasun bati buruz» ari da testua, eta Araik dio «zoria» dela gai nagusia, denek zoriz egiten dutelako topo eta gertatzen diren gauzak ere zoriak dakartzalako.