2019/11/23

Turismoak euskara behar du herria ez «Disneylandizatzeko»

Kezka eta hausnartzeko gogoa nabarmenak izan ziren herenegun UEUk eta UEMAk «Turismoa eta euskara» leloarekin antolatutako jardunaldietan. Arriskuak eta aukerak identifikatu ziren, eta horien bien aurrean, euskara ezkutu eta palanka dugula azpimarratu zen.

Mikel ZUBIMENDI|ORIO
1123_euskaraturismoa

Jardunaldi zinez interesgarria izan zen herenegun Orioko Arraunetxean. Udako Euskal Unibertsitatearen eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen arteko elkarlanaren eskutik, turismoa eta euskara nola uztartu, ekonomia, turismoa, nortasuna eta kultura nola adiskidetu izan zuten hizketagai. Hainbat udaletako ordezkari eta turismo teknikarien aurrean, iritzi ezberdinak partekatu ziren, ñabardura ezberdinekin baina sustrai beretik, kezka komun batetik abiatuz.

Nola kokatu nahi dugu herri bezala bisitatzen gaituzten milioika turista eta txangozaleen aurrean? Eta posizio horretan non kokatuko da euskara? Zein izan behar da helburua? Zer nahi da kontatu? Galdera horiek eta beste erantzuten saiatu ziren UEUk eta UEMAk zabaldu zuten hausnarketarako gonbidapenera hurbildu zirenak.

Bistan da denok garela turista, denok garela bisitari, eta oro har negozioagatik edo aisiagatik Euskal Herrira datozenak ondo pasatzera datozela. Hori dutela aurreneko motibazioa. Baina, jardunaldian, hitz batzuekin edo besteekin adierazita, datu zehatzetan oinarriturik argi geratu zen bisitatzen gaituzten askok –heren batek baino gehiagok– biziko den turismo eredu bat bilatzen dutela, irizpidedun turismo bat, esperientzia bat bilatzen dutela, benetakotasun bat. Eta turismoaren datuek erakusten dutenez, urtez urte handitzen doa joera hori.

Esperientzia bizi

Lehen begiratuan turismoak eta euskarak deslotuak dirudite, uztargaitzak. Ez da asmatzen erraza nola bilakatu ondare immaterial bat kontsumogai ukigarri. Gurera esperientzia bila datozenak, baina, esperientzia hitza polemikoa eta polisemikoa dela aitortuz, oro har orojale kulturalak dira, eta tokian tokiko tipikotasuna, egiazkotasuna, bilatzen eta estimatzen dute. Bada, norabide horretan euskararen potentzial turistikoa ikaragarria da, turistaren esperientziaren elementu gehigarria, gure benetakotasunaren bermea.

Jakina badaudela arrisku eta mehatxuak. Euskara ondasun hil, souvenir huts, turistentzat folklore eta antzezpen bilakatzea da horietako bat. Edo beste hitz batzuetan esanda, gure nortasuna baieztatu, gure izatearen harrotasunaren lekuko gorena izan, besteengandik ezberdindu eta gure lurraldea erakargarri egiten duen euskararik gabe, egiazkotasuna eta den-dena galtzeko, ezerezean urtzeko, arrisku bizian geundeke. Euskal Herriaren «Disneylandizazio» baten aurrean, «fake» bat bihurtzetik gertu.

Joan-Ive Agard, Sorbonan Antropologia Sozialean doktore eta Sauvignaceko goi eskolako Turismoko irakasleak, Okzitaniako Perigord eskualdearen errealitatea bertaratutakoekin konpartitu zuen. Haren hitzetan, «esperientziala eta kreatiboa den helmuga turistikoak ezinbestekoak ditu bitarteko estrategiko bezala mobilizatuak dauden hizkuntza eta kultura, toki guztietan, maila guztietan, instituzioak, eragile ekonomikoak, kulturgile eta sortzaileak barnebilduko dituzten sare sendoekin».

Eta hartara, modernoa den estrategia baten beharra nabarmendu zuen. Positiboki ezberdintzen asmatuko duena, merkatuan bakarra eta erakargarria izango dena, iraunkorra eta epe luzekoa. Turismoaren estrategia publiko serio batek hizkuntza xahutu ezin daitekeen bitarteko bezala hartu behar du, lurralde bat bisitatzea egiazki esperientzia etnografikoa egin nahi bada.

Hizkuntzaren eta kulturaren bitartez lurraldea ongarritzen da. Jardunaldian adierazi ziren iritzi ezberdinen konklusio gisara esan daiteke bisitari eta turisten aurrean euskararekin lortuko dugula gure lurraldean sormena gailentzea posizionamendu gehigarri bezala. Herria eta egia, munduan zabaltzea.

OREKA


Jon Elzok, Gura proiektuko ordezkariak, aurreikuspen puztuak ez egiteko deia luzatu zuen, eta bisitariei eskaintzen zaienaren eta bisitariek biziko dutenaren arteko oreka zaindu beharra azpimarratu zuen.