2019/11/25

Kronika
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA
BEñAT GAZTELUMENDIK LORTU DU ILLUNBEKO ATE ESTUAN AURRERA EGITEA

EZ DAUDE MERKE GIPUZKOAKO FINALEAN OHOLTZA GAINEAN ARITZEKO TXARTELAK. ILLUNBEKO ATEA ESTUEGIA OMEN. BEñAT GAZTELUMENDIK ATZO POLTSIKORATU ZUEN FINALISTA TXARTELA, MAJO LAN EGINDA, OIARTZUNEN. ALAIA MARTINEK ERE AKROBAZIA EDERRAK MARRAZTU ZITUEN ETA PUNTUZ BETE DITU POLTSIKOAK. ATZOKO HIRUGARRENA, ANE LABAKA, HORTXE-HORTXE IBILIKO DA.

Amagoia MUJIKA TELLERIA
1125_kulturabertso1

Datorren asteburuan Tolosan jokatuko den finalaurrekoan erabakiko da Illunbeko finalean arituko den zortzikotea

Gipuzkoako Txapelketari finalaurreko bat –datorren asteburuan, Tolosan– eta finala falta zaizkio. Begiak dagoeneko Illunbera begira jarriak daude eta abenduaren 14an oholtza gaineko zortzikotea nor izango den gero eta ozenago xuxurlatzen dute kinielek. Atzo Oiartzungo Elorsoron jokatu zen finalaurrekoan Beñat Gaztelumendi gailendu zen, 506 punturekin. Beretzat, txartel zuzena. Gainontzekoek Tolosako saioari begira itxaron beharko dute, pilatu dituzten puntuekin finalerako txartel baterako iristen ote zaien kalkulatzeko. Bigarrenak, Alaia Martinek, 493,5 puntu pilatu zituen, eta, hirugarrenak, Ane Labakak, 472,5. Hortxe-hortxe egon daiteke koska.

Beñat Gaztelumendik oso saio ona josi zuen. Ariketa guztiak goitik eraman zituen, oso seguru eta oso mainoso joskeretan, esateko moduetan, esan nahi duen horretan.

Adibidez, seiko motzean Amaia Iturriotzekin aritu zen, aita-alabaren azaletik. Beñat, aita, urteetan aurrera doa eta Amaiak, alabak, gaur esan dio aurrerantzean berak dutxatuko duela. Biak, Gaztelumendi zein Iturriotz, oso sinesgarri, samur eta egoki aritu ziren, atmosfera berezia sortuz. Gaztelumendiren bigarrena: «Ibilera det baldarra / ta naiz sukaldari txarra/ ez da erraza maiz onartzea daukagun beharra/ zure hitz erdin zeharra/ ni naiz harroa ta arra/ ta komuna da gelditzen zaidan eremu bakarra». Eta Iturriotzen erantzuna, «Gu familikoak gara/ maitasuna ta zirrara/ ta mesfidantzaz datorkit orain zure begirada/ sortzen baituzu ikara/ gogorra da beharbada/ zahartzaroaren zati zailena zaintzen uztea da». Iturriotz puntutan seigarrena geratu zen, baina detaile oso politak utzi zituen arratsalde guztian eta asmatu zuen entzulearengana iristen. Txapelketa polita josi du.

Esanda bezala, Gaztelumendi oso goitik aritu zen saio osoan eta kartzelakoan ertz oso nabarmena marraztu zuen. Hor atera zuen puntutan koskarik handiena. Hauxe zuten kartzelarako gaia: Korrika zoaz, ezin duzu denborarik galdu. Hauxe, Gaztelumendiren lehena: «Lo nengoela nabaritu det linterna baten islada/ ta bapatean gure atzetik guardia zibilen ilara/ biak batera nahastu zaizkit ausardia ta ikara/ eta lasterka abiatu naiz inguruko menditara/ hamar migrante goaz taldean korrika hona ta hara/ burua argi baina bihotzak barruan zenbat taupada/ harrapatu ta botako naute berriro Nigeriara/ ta gelditzeko modu bakarra geldi ez egotea da». Eta hirugarrena: «Ta igaro det hango baratza eta hemengo soroa/ Irungo plazan bukatu arte nere ihesaldi zoroa/ ikara degu ameslariak bezatzeko metodoa/ gizon bat dator jertsean dauka ONG baten logoa/ eta esan dit omen daukala ni babesteko gogoa/ nere izena hor galdetu dit nongoa zera nongoa/ malko txiki bat irten zait eta hor bertan jo dut hondoa/ bi kontinente igaro ditut baina ez naiz inongoa».

Bigarrena, Alaia Martin, 493,5 punturekin. Oiartzuarrak lehen ariketatik erakutsi zuen gerrarako zegoela, grinatsu, bertsotan egiteko gogoz. Hamarreko handiko ariketa josi zuen abiada horren seinale. Gaztelumendi eta biak egokitu ziren lehen ofizio horretan. Gizonezkoak biak, beren lantegian lan bera egiteagatik emakumeek baino soldata hobea zutela bazekiten. Emakumeek protesta abiatu zuten eta beraiek ez dute bat egin protestarekin. Hauxe, Martinen lehena: «Baina sistema ez doa gaizki ez da behintzat nire kezka/ hamalau paga ondo ordainduak, ordaindua ordu estra/ ondo ordaindua lana ta ia ordaintzen digute siesta/ nahiz atarian haserre egon enpresako ehun neska/ nola arraio egingo dugu gure kontrako protesta». Eta, hirugarrena, «Jefeak printze itxura dauka baina berez da igela/ ta erosketak egitekotan ez da joaten Lidela/ nik ere altu mantendu nahi dut nire bizitza nibela/ nahiz atarira orain ez irten ta eskaini nire epela/ kafe orduan esango diet ederki ari direla».

Seiko motzean ere oso goitik aritu zen, Iñigo Mantzizidor Mantxi zarauztarrarekin batera. Historiako irakasleak biak, Mantxik Alaiari leporatu zion bere ideia politikoen araberako kontakizuna egiten diela ikasleei. Mantxik ere oso ondo eutsi zion. Hauxe, Alaiaren lehena: «Eraila, eroria/ gaizkia edo ongia/ zulo ilunan, haran handian zegon hilobia/ nik badakit teoria/ ta zer den kare goria/ subjetiboa izan da beti euskal historia». Eta Mantxiren erantzuna: «Dena Nafarroa dala/ nik badakit zuk bezala/ baina kontatzen dezun guztia ez degu kabala/ aizu zuk dezu azala/ iruditzen baitzait hala/ historiatik ipuinetara pasatzen zerala».

Hirugarrena, Ane Labaka. Benetan saio ona osatu zuen eta Illunberako aukerak ditu. Izugarria izan zen bere kartzelakoa, zuzena, benetakoa eta ondo kontatua. Hauxe, hirugarrena: «Juxtu iritsi denean gau polit baten klimaxa/ etxera joan nahi nuen ta beti ez da erraza/ bi gizon etorri zaizkit atzetik piropo jasa/ ezin al zuten ondotik ezer esan gabe pasa/ neretzat beldurra bada haientzat dena jolasa/ korrika pasatu ditut kale kantoi bat bi plaza/ etxeko atea itxita lasai hartu det arnasa».

Laugarrena, Asier Azpiroz. Txukun aritu zen, saioari bere kolorea emanez. Kartzelakoan Behobiako korrikalari baten azaletik, bidearen erreferentzia aberatsak eginez, ariketa bizia josi zuen. Hauxe, bigarrena: «Lehenengo erdia egin det iaz baino hobegoa/ baina orain nere bihotzak ia emateu metxeroa/ Gaintxurizketa igotzen kopetean ze beroa/ ta Mirakruzen goraka ia utzi det geroa/ hogei kilometro dira sekulako endredoa/ txikitu egingo nuke hura baitzegon eroa/ aldapa hoik hemen jarri zituen ingenieroa».

Bosgarrena, Mantxi. Ez zuen denean asmatu, baina asmatu zuenean asko gozatu zuen plazak. Eta, seigarrena, Amaia Iturriotz, txapelketa honetako opari bikain horietako bat.