Asier AIESTARAN
PILOTA

Langile saiatuen saria jaso dute Artolak eta Imazek

Gehienetan agintzen ibili arren, Lasok eta Albisuk huts gehiegi egin dituzte Tolosan irabazi ahal izateko.

ARTOLA-IMAZ 22

LASO-ALBISU 18


Iñaki Artolak eta Ander Imazek lan asko eginda lortu dute aurtengo Binakako Txapelketan aurreneko puntua. Unai Laso eta Jon Ander Albisu 22-18 menderatu zituzten Tolosako Beotibar pilotalekuan 743 pilotakadako eta 81 minutuko neurketa gogor eta parekatuan.

Izan ere, urdinek nabarmen agindu zuten demaren zatirik handienean. Bai Lasok eta bai Albisuk pilotakada indartsuak jo zituzten, Ander Imaz atzeko koadroetan sartuta izan zuten behin eta berriz, baina ez ziren gai izan aginte horri behar bezalako zukua ateratzeko.

Imazek defentsa bikaina erakutsi zuen norgehiagoka guztian zehar, eta urdinek aldiz huts gehiegi egin zituzten. Lasok tanto ederrak egin zituen –jokoan egindako 11 zenbatu genizkion eta sakez beste bat ere bai–, baina huts dezente ere pilatu zituen azkenerako –guztira 7 izan ziren–. Eta berdina esan daiteke Albisuri buruz: pilotakada bikainak jo bai, baina galdutako gehiegi izan zituen ataundarrak –guztira 7 atzelariak ere–.

Hala ere, markagailuan aurretik ibili ziren ia beti aurrelari nafarra eta atzelari gipuzkoarra: 6-9, 7-10, 8-11 eta 9-13, esaterako. Gorriek 15-15 berdindu zuten emaitza ondoren, baina urdinek garaiz erantzun zuten, hiru tanto jarraian egin eta bigarren atsedenaldi luzera markagailuan 15-18 aurretik iristeko.

Baina jada partida aldatzen ari zela ikusten zen. Albisu nekatuta bezala sumatu genuen, eta beherakadatxo hori Iñaki Artolak ederki baliatu zuen neurketan sartu eta egoerari buelta emateko.

Alegiarra oso apal aritu zen lehen erdian, ia desagertuta, seguru asko Albisuk sartzeko aukera handirik ere ematen ez ziolako. Baina erditik aurrera beste Artola bat ikusi zen: askoz gehiago sartuz eta errematean ere askoz gehiago asmatuz.

Atera kontuak: Artolak jokoan egindako lehen tantoa 7-9koa izan zen, gantxo on batekin lortua, eta bigarrena 10-13koa, txokoan bikain amaituz. Eta hala ere, alegiarrak zazpi egindakorekin amaitu zuen partida.

Gorriek azken zazpi tantoak segidan egin zituzten, 15-18tik 22-18ra joanez zuzen-zuzenean. Eta lehen hirurak, 15-18tik 18-18rakoak, urdinek galdutako piloten errua izan bazen batez ere, azken laurak ikusgarriak izan ziren: Artolaren 19-18koa, esaterako, txokoan pilota ederki luzatuz, eta 22-18koa, neurketako azkena, gantxo bikainarekin.

«Badakigu Jon Anderrek zer zartako ematen dizkion pilotari, eta Lasok ere asko atzeratu du pilota. Lan asko egitea tokatu zaigu. Anderrek erakutsi du fisikoki oso maila onean dagoela, eta argi dago gure ezaugarrietako bat hori izan behar dela: lanean amaierara arte segitzeko gaitasuna. Nik defentsan ongi ikusi dut neure burua, baina tantoa gehixeago amaitzea falta izan zait», aipatu zuen Artolak.

Ander Imazek ere antzeko irakurketa egin zuen: «Zalantza batzuk izaten dituzu beti aurreneko partidaren aurretik. Ondo sentitu naiz, nahiz eta beraiek aurretik ibili nik uste lan ona egiten ari ginela, eta bukaeran Iñakik gustuko pilota batekin min handia egin du».