Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Asteburu oparoa, han eta hemen

Bihar, San Andres eguna, aizkolariek eta harri-jasotzaileek Leitzan dute hitzordu berezia, 19.00etan, Urrezko Aizkolarien Kopan. Bertako Jon Rekondo, Ruben Saralegi Errazkingoa eta Juan Jose Lopez de Azpilikueta Lezaungoa arituko dira.

Hiru aizkolariok egin beharreko lana hamarna kana-erdiko enbor ebakitzea da, eta azkarren egiten duenak abenduaren 6an Agurainen parte hartzeko aukera izango du beste kanporaketa batean.

Aizkolariekin batera, harri jasotzen Aritz Etxeberria Ureta ermuarra jardungo da. Hiru harri erabiliko ditu, zilindro zaharra, kubikoa eta bola, 100 kilokoak, eta bakoitzarekin hiru minutuko txandak izango ditu eskatzen zaion marka egiteko eta txapelketan aurrera jarraitu ahal dezan.

Lauko sokatira Ozetan

Euskal Herriko 4x4ko sokatira txapelketak 4. jardunaldia izango du bihar, Ozetan, 17.00etan. Bertan emakumezkoak arituko dira 260 kilotan: Bizindar, Txantrea A eta B, Beti-Gazte, Gaztedi, Badiotz A eta B eta Ibarra. Gizonezkoak 300 kilotan ariko dira bi multzotan: A multzoan Beti-Gazte, Berriozar A, Ibarra, Ñapurrak eta Txantrea izango dira; eta B multzoan Gaztedi, Berriozar B, Antsoain eta Bizindar.

Bizkaiko Txapelketa

Bizkaian zortziko goma gaineko sokatira txapelketa antolatu dute eta lehenbiziko ekitaldia, 640 kilotan, Laukizen izango da, igandean (12.00). Parte hartzaileak Abadiño, Gaztedi Emakumezkoak, Gaztedi Gizonezkoak, Goiherri eta Murueta izango dira.

Enbor desafioa

Urteak aurrera doaz, baina badirudi Julen Larreari horiek ez diotela sasoia kaltetzen. Barakaldoko trontzalaria txapeldun izan da sarritan. Aizkoran ere zerbait agertu du, baina Julen Larreak duen gauza preziatuena bere osasuna da.

90 urte ditu eta kanako enbor handiaren gainean tente mantentzea asko bada, ea zer den aizkora hartu, ezpelak atera eta partitzea. Igandean izango da esaten ari garenaren froga, Arratiko Aspe Goikoa jatetxean, 12.00etan.

Probak Azkoitian

San Andres jaietan idi demak izango dira Azkoitian bihar, 22.00etan. Urtia, Telleria eta Soarte lehiatuko dira. Abenduaren 2an, 22.00etan berriz, Izeta, Matxain eta Isidro Erretegia jardungo dira.

Pedro Molina, Tenerifeko probak eta feriak urtez urte antolatzen ahalegindu den gizona, duela pare bat urte hil zen. Euskal Herriko probalari eta kirolariekin lotura handia izan zuen. Omenaldia egingo diote abenduaren 1ean Getxoko Andra Mari probalekuan.