Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

Lehen aldiz historian bi zortzimilako lotu nahidituzte neguko sasoian

Simone Moro eta Tamara Lunger italiarrak Gasherbrum I eta II mendien zeharkaldia egiten saiatuko dira. Morok aurreratu du girora egokitzeko etxean ganbera hipobariko bat erabiltzen ari direla.

«Espedizioak bi helburu izango ditu. Lehenik eta behin, Gasherbrum I mendia estilo alpinoan, azkar eta soka finkoak erabili gabe igo nahi dugu. Xede hori biribiltzen badugu eta indarrik baldin badugu, orduan Gasherbrum II mendira abiatuko gara zeharkaldia biribiltzeko».

Iragarpen hori duela egun batzuk egin zigun Simone Morok hedabideoi. Jakina, asmo hori neguan lortu nahi du, eta sokakide Tamara Lunger izango du.

Inolako zalantzarik gabe, italiarrok aurkeztu duten proiektua muturrekoa da, baina horrez gain, emaitza positibo bat izan dezan oso aukera gutxi ditu. Batetik, sasoi horretan bi zortzimilako lotzea inoiz ez delako lehen lerroan dauden espezialisten zerrendan egon. Hots, inor ez da saiatu. Eta bestetik, duela 35 urte Hans Kammerlander eta Reinhold Messnerrek eginiko zeharkaldi horrek oraindik ez duelako errepikapenik jaso.

Alabaina, Morok berak aitortu duenez, bere lehen helburua G-I mendia estilo alpinoan igotzea izango da. Ondo informatuta dagoen irakurleren batek edo bestek esango du zortzimilako hori 2010. urtean neguan igo zela. Hala da. Gertatzen dena da Adam Bielecki eta Janusz Golab poloniarrek martxoan zapaldu zutela tontorra. Eta, Denis Urubkok bezala, Morok uste du benetako neguko igoeratzat hartzeko abenduaren 21etik aurrera eta otsailaren 28a baino lehen egin behar dela tontorra.

Ganbera hipobarikoa

Izan ala ez izan, kontua da italiarrok lehen helburua sinatzen badute etxera pozarren itzultzeko arrazoiak izango dituztela. Izan ere, poloniarrek ez bezala, zortzimilako hori estilo alpinoan eskalatu nahi dute.

Bigarrenarekin lotzea beste dimentsio bat izango litzateke. Muturreko hotzari gehitu behar diogu egunak oso laburrak direla. Eta bi alpinistok G-I lortu ondoren, 6.500 metrora jaitsi eta G-II-ra abiatu beharko lirateke.

Bederen, eskarmentua eta sasoia badute. Eta azken eite hori ondo baino hobeto lantzen ari dira. Morok aurreratu du ganbera hipobarikoaren bitartez girora egokitzen ari direla etxean.

Nahiz eta alpinismoaren munduan gero eta gehiago erabiltzen den, gogoratu behar dugu teknika hau kirolarientzat hainbat herrialdetan debekatuta dagoela. Gai honen inguruan alpinista askok teknika hori kritikatu dute dopintzat hartzen dutelako. Alpinismoko Nazioarteko Federazioak, aldiz, duela gutxi onartu du ganbera horren erabilera.