Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO KULTURA

«Manaslu» filmakirabazi du Torelloko jaialdiaren37. edizioa

Gerald Salminak zuzendutako dokumentalak, gainera, gidoi onenaren saria jasodu. Denera, 170 film jaso dituzte; inoizko kopuru handiena izan da.

Ingurumari honetan mendiko zinemaldien artean kultura hori bultzatzen urte gehien daramana Torellokoa da. Herrialde Katalanetan antolatzen den jaialdi horrek 37 edizio bete berri ditu. Joan den azaroaren 15etik 24ra egin zen aurtengoa, eta Joan Salarich zuzendaria pozarren dago itxi berri duten edizio honek izan duen arrakastarekin.

Makina bat ekoizpen jaso zituzten: 170. Salarichek esan duenez, inoiz jaso duten kopuru handiena izan da; hots, errekorra. Horretaz gain, zuzendari katalanak gehitu du ohikoak ez diren herrialdeetatik zinta asko bidali dituztela: «Frantziatik, Alemaniatik, Austriatik edo Alemaniatik bidaltzen dituzte film gehienak. Baina aurten Mazedoniatik, Kirgizistanetik eta Iranetik jaso ditugun filmek ezusteko ederra eman digute. Hori gutxi ez, eta etnografia sailera 15 ekoizpen iritsi dira; hori ere errekorra da. Eta beste datu bat: katalanen DNA nabarmendu da. Izan ere, egitarau ofizialean lau zintak hartu dute parte. Horrekin batera, azpimarratu nahi nuke beste ekitaldietan sarituak izan diren izen handiko zuzendarien lanak ikusteko aukera ere izan dugula. Horien artean dira: Anne eta Eric Lapied, Matthis Mayr, Alastair Lee, Chase Ogden eta Pavol Barabas».

«Manaslu», irabazle

Sail ofizialean lehiatu direnen artean, protagonista nagusi bat izan da: “Manaslu-Berg der Seelen”. Gerald Salmina zuzendari austriarraren lanak film onenaren saria eraman du. Hots, jaialdiaren Urrezko Edelweissa. Ez da patrikara eraman duen aitorpen bakarra, gidoi onenaren saria ere eskuratu bai baitu. Salminaren dokumentalak Hans Kammarelander alpinistaren biografia jasotzen du.

Mendiko film onenaren saria Alastair Lee-ren “Climbing Blind” lanarentzat izan da. Eta mendiko kirolen film onena Julian eta Joaquin Azulay eta Fernando Salem zuzendarien “La ola sin fronteras”-entzat.

Mendiko kulturak badu bere saria, eta hau Yaser Talebiren “Beloved” filmak jaso du. Hona hemen beste sari batzuk: epaimahaiarena “Ani, the nuns of yaqen gar” (Eloise Barbieri) lanak jaso du; argazki onenarena, “Troperos”-ek (Nicolas Detry); ikusleena, “Lost in Karakorum”-ek (A. Girard, J. Chenal, D. Lacaze) eta naturarena “The undamaged”-ek (R. Bregar, M. Oblak, M. Avgustin).

Horiek guztiak izan dira Torelloko azkenengo edizio honetan banatu diren aitorpen nagusiak; bederen, lehian egon diren filmen artekoak. Baina bada jaialdiak duen sari kuttun bat: ohorezkoa. Eta hori Oscar Cadiach-ek jaso du. Hain zuzen ere, mendi zinemaldi honek alpinista katalanaren ibilbidea omendu nahi izan du. Saria banatu zutenean, antolatzaileek azpimarratu zuten hamalau zortzimilakoak oxigeno artifizialik erabili gabe igo baditu ere, Himalaian zein Karakorumen kalitate handiko makina bat eskalada egina dela.

Sari asko banatu dira, baina gogoratu beharra dago ere Torelloko mendi zinemaldiak egitarau zabala eskaini duela jaialdiak iraun duen hamar egun horietan. Adibidez, aurtengo ekitaldirako ardatz sendo bat izan du. “Alaska eta Yukon. Azken muga” izenburupean, antolatzaileek lurralde horiek esplorazioan, historian, kulturan eta alpinismoan duten garrantzia azpimarratu nahi izan dute. Lurralde basati horiek ezagutzeko Jordi Canal-Soler, Oriol Alemany eta Carles Gelen testigantzak jaso dituzte.

Mendi zinemaldiak ateak itxi ditu dagoeneko. Eta 37. ekitaldia arrakastatsu amaitu du. Katalanek, azkenik, lekukoa Bilbao Mendi Film Jaialdiari pasatu diote.