2019/12/03

Gilen Garcia, Joseba Palenzuela, Anuska Esnal, Iñaki Ostolaza eta Haritz Alberdi
Deba, Mutriku, Orio, Zumaia eta Getariako alkateak
Sorospen zerbitzu eraginkorra Gipuzkoako hondartzetan

Udako arratsalde berotsu batean ez dago plan hoberik Euskal Herriko hondartzaren bat bisitatzea baino. Horixe izaten da maiz euskal herritar edo atzerritar askoren ideia, primerako lekuak baitira. Konkretuki, Gipuzkoako hondartzak, oso ondo mantentzen dira, eta, horren ondorioz, bisitari asko erakartzen dituzte. Onura asko dituztela argi dago, baina baita iluntasun batzuk ere bai, hala nola hondartzen kudeaketa osoak eragiten duen gastu handia. Izan ere, ez da soilik hondartzak garbi eduki beharra; horrez gain, sorospen zerbitzu onena eta eraginkorrena ere bermatu beharra dago.

Zerbitzuak hondartzaz gozatzera hurbiltzen diren herritar guztiei erantzuten die, bertakoa izan nahiz kanpokoa; horrela behar du izan. Baina, esan bezala, hondartzen kudeaketak gastu handia eragiten die udalei. Aurrekontuak eta diru iturriak oso mugatuak dira, eta zerbitzuaren kostua handia da biztanleko. Beraz, hondartzen garbitasunarekin egiten den bezala, sorospen zerbitzuaren kudeaketak ere Aldundiaren esku egon beharko luke; hala egiten da Bizkaian. Urteak daramatzagu irtenbide eske, eta uste dugu egoera hau ezin dela gehiago luzatu.

Horrez gain, udalen diru iturri mugatuek sorospen zerbitzuetan dabiltzan langileen lan baldintzetan eragiten dute. Sorospen zerbitzua erabat ezegonkortuta dago; herriz herri, lan baldintza desberdinak dituzte, eta lan jardunaldiak arautu behar izaten dituzte udalerriek. Sorosleek herritarrekin kontaktu zuzena dute hondartzetan, haien beharrak asetzen dituzte; horregatik, sorosleen lan duina bermatu behar dugu. Baina udaletatik aukera gutxi ditugu. Zenbait udaletan, kasuistika honen tankerako gatazkak sortu dira, Zarautzen kasu, eta oraindik irtenbiderik gabe jarraitzen dute.

Guri, Deba, Mutriku, Orio, Zumaia eta Getariako alkateoi, garrantzitsua iruditzen zaigu gure herriko hondartzak egoera onenean mantentzea, eta ez hori bakarrik, bertan lan egiten dutenen lan baldintza onenak bermatzera behartuta ikusten dugu geure burua. Sei hilabete barru, berriro errepika daiteke arazo hau; horregatik, halakorik ez gertatzeko, arduraz lan egin beharko dugu herri desberdinetako alkateok. Udalerrietan hainbat mozio onartu dira gai honen inguruan, eta denek konponbide bera ikusten dute: sorospen zerbitzuaren egonkortasuna Gipuzkoako Foru Aldundiak gaia behar bezala bideratuz lortuko da, hau da, Gipuzkoako sorospen zerbitzuaren kudeaketa Aldundiak bere gain hartuz.

Esan bezala, sei hilabete ditugu arazo honi konponbidea aurkitzeko; alde guztiok geure onena eman beharra daukagu hondartzetan lanean daudenen baldintzak hobetzeko. Gu prest gaude horretarako, eta jada egin diogu Aldundiari irtenbide bat aurkitzeko proposamena: Gipuzkoako hondartzetako sorospen zerbitzuak Aldundiak zuzenean kudeatzea, edo, dirulaguntzen bitartez, zerbitzuaren %100a finantzatzea. Aldundiaren aurrekontuak oraindik onartu gabe dauden honetan, momentu egokia da Gipuzkoako Foru Aldundiak sorospen zerbitzuaren kudeaketarako diru partida egokiak jar ditzan, Bizkaikoak urteetan egin izan duen bezala.