2019/12/04

Mikel Aramendi
Kazetaria
Belaunaldi bat
«Saia zaitez hoberena lortzen, baina presta zaitez okerrenerako». Gatazka militarra litzateke okerrena, noski; eta horretarako ari da prestatzen Xi Jinping

Duela gutxi ezinezkoa zirudiena, gertagarria ez ezik, probablea bihurtu da 2020ko atari honetan: munduko bi potentzia nagusiak, Ameriketako Estatu Batuak eta Txina, elkarren aurka talka egiteko joaira garbian doaz. Eta argi dago biek ala biek, zio ezberdinengatik, onartu egiten dutela balizko txoke hori.

Ez da, ez behintzat nagusiki, merkataritza-liskar bat. Horretan badaramatzate jada bi urte baino gehiago (AEBek lehendabiziko muga-zergak ezarri zituztenetik; Meng Wanzhou Vancouverren atxilotu zutenetik ere urtebete joan da); eta munizioa agortzen ari da. Ematen du norgehiagoka abiarazi zutenak ere jabetu direla irabazpiderik gabeko gatazka dela hori. Su-etena eta armistizioa adostea da une honetan negoziaketen xedea; mundu mailako atzeraldi ekonomikoa delako alternatiba bakarra.

Baina arazoaren muina merkataritza baino askoz haragokoa denez, geopolitikoa, zerbait esatearren , gai sukoiagoetara bideratzen ari da jada talka. Informazioa non amaitzen eta propaganda non hasten den ebaztea zail egiten duen crescendo garbian, berandu izan baino lehen Txina kate motzean lotzeko garaia heldu dela erabaki du AEBetako elite ia osoak (ez Trumpek). Hong Kongi buruzko erabakiak ez du beste esplikaziorik. Hasiera besterik ez da, ordea.

Aurkaria, txoke hori beretzat goizegi datorrela baina amore emateko moduan ez dagoela ebatzi duen Txina. Sun-tzu zaharraren aholkua aintzat hartuz: «Saia zaitez hoberena lortzen, baina presta zaitez okerrenerako». Gatazka militarra litzateke okerrena, noski; eta horretarako ari da prestatzen Xi Jinping. Presaka, gainera. Ekialdera eta Hegoaldera begira.

1989ko abenduaren 3an, Maltako Marsaxlokk-eko portuan muilatu zegoen “TS Maxim Gorkiy” gurutzaontzi sobietarrean bilduta, George H. W. Bush estatubatuarrak eta Mikhail Gorbatxov sobietarrak Gerra Hotza amaiarazi zutela dio historiak. Historia bera amaitu zela egun hartan, pentsatu zuen norbaitek. Berehala ikusi ahal izan zen historiak bizirik ez ezik bero-bero jarraitzen zuela, bere gorabehera guztiekin.

Hogeita hamar urte igaro dira. Belaunaldi bat besterik ez.