2019/12/04

«Itsu kolpeka», Alfontso Gartziandiaren lehen lana

Alfontso Gartziandia nafarraren lehen eleberria da «Itsu kolpeka» (Alberdania). Urko Etxeberria du protagonista, ikertzaile izan nahiko lukeen gaztea. Ahalegin horretan dabil, baina enkargu berezi bat iristen zaionean okertuko zaio bidea.

GARA|DONOSTIA
1204_kul_gartziandia

Alfontso Gartziandia nafarraren lehen lana da “Itsu kolpeka” eleberri beltza, «baina ibilbide luzea egina du irakurle fin moduan, eta fikzioa eraikitzeko garaian antzematen zaio literaturarekiko familiartekotasuna», ziurtatu zuen Alberdaniako editore Jorge Gimenez Bech-ek liburuaren aurkezpenean.

Editorearen hitzetan, eleberri beltzaren ezaugarri nagusiak bildu ditu Gartziandiak, «baina ez idazle berri bati legokiokeen moduan, hau da, modu erreberentzialean onartuz generoaren legeak, baizik eta generoaren kortsea modu ausartean behartuz, eta inoiz apurtuz ere, trama era libreago batean josteko».

Urko Etxeberria ikerlari iruindarrak enkargu itxuraz arrunt bat jasotzen duenean abiatzen da trama. Ikerketaren hariak korapilatu egingo zaizkio, ordea, eta «ballet itxurako dantza batetik, rock gogorrenaren akorde eta erritmoetara pasatuko da irakurlea», editorearen iritziz.

Hitza hartuta, sortze prozesuaz jardun zen Gartziandia: «Eleberri beltzen irakurlea naiz, eta istorio interesgarri bat harilka nezakeela bururatu zitzaidan. Ez nuen nahi, ordea –jarraitu zuen– tramaren interesa serie eta generoko liburu askotan ageri diren baliabide zientifiko-polizialetan –DNA, balistika, eta abar– oinarritu. Baliabideen urritasunak hurbiltasuna eta sinesgarritasuna emango zizkion, nire hipotesian, kontakizunari. Eta horretan saiatu naiz».

Eleberriko protagonistaz, Urko Etxeberriaz, ere mintzatu zen Gartziandia. Batxilergo ikasketak amaituta foruzain sartzeko saioa egin duen arren, polizia- aurrekari batzuek eragotzi egin diote aukera hori eta orain ikerlari pribatu bilakatu nahi du Etxeberriak.

Etxebakoitz auzoan du bizilekua, alokairuak merkeagoak diren lekuan, eta tarteka guardia zibil baten laguntzaile gisa aritzen da beharrean, hari ikerkuntza agentziek egiten dioten enkarguetan laguntzaile.

«Bizitzan ez aurrera ez atzera dagoen une batean, enkargu bitxi bat heldu zaio berari zuzenean: bizitza aldatzeko aukera baten aurrean ote dago?», galdegin zuen egileak.

Gimenezen hitzetan, Gartziandiak «eleberri beltzaren tradizio onenari jarraituz, gure ondo-ondoan ditugun baina ez ikusten saiatzen garen eta deseroso zaizkigun azpimundu batzuen freskoa pintatzen du, trebetasun harrigarri batez».