2019/12/04

Topa-k: Korrontzi eta DJ Makala nazioartean dantzatzeko prest

Nazioarteko Womex jaialdian aurkeztu zuten Topa-k proposamen berria Korrontziko Agus Barandiaranek eta DJ Makalak. Eta Euskal Herriko doinu tradizionalak hartu eta elektronikaren oinarriak eta erritmoak gehitu dizkiote, disko berria osatzeko. Mauriziaren berbak eta drum&bass beats batzuk. Euskal Herritik abiatuta nazioarte osoan dantzan aritzeko prest batu dira lau musikari: bi gizon eta bi emakume, dantzan eta kantuan.

Patxi GAZTELUMENDI|BILBO
1204_kul_topak

Trikitiak bezala musika elektronikoak ere entzulea dantzan jartzea du xede. Eta helburu horrekin bat egin dute Mikel Unzurrunzaga disko jartzaile eta ekoizleak eta Korrontzi taldeko Agus Barandiaran trikitilariak. Dupla taldetik ezagunagoak izango diren Izaskun eta Alaitz Oraa batu zaizkie panderoarekin eta dantzan. Korrontziren kantu ezagunen, kopla zaharren eta euskal doinuen bertsio berria da Topa-k proposamena, erritmo dantzagarriak elektronikaren laguntzarekin. Trikitia nazioarteko dantzalekuetan aurkezteko txartela.

Agus Barandiaran musikariak aurkezpenean adierazi zuenez, «Topa-k musika tradizionala eta elektronikoa uztartzen dituen proiektua da, disko batean kaleratu dugu. Proposamen berri bat da, jendearen belarrietara heltzeko asmoz. Niretzat nahiko berria da eta ez dakit hau bezalako proiektu asko egin diren gurean». Ikuspegi berritzailea nabarmendu gura izan zuen Maruri Jatabeko trikitilariak. Zarauzkoa da Mikel Unzurrunzaga, eta nazioartean dezente ibilitakoa, DJ Makala izenarekin, eta munduko doinu eta erritmo asko gurera ekarritakoa. «Asko bidaiatzen dugun musikariak gara, bai Korrontzi eta bai ni, nik aspaldian omenaldi bereziak egiten dizkiet beste leku batzuetako doinuei: jamaikarra, musika latinoa edo afro-amerikarra, Brasileko doinuak ere oso dantzagarriak eta atseginak dira; Txarly Brown musikariarekin runba katalana ere landu nuen eta gogoa nuen Euskal Herriko doinuekin ere gauzak egiteko», esan zuen gogotsu zarauztarrak. 2015ean Korrontziren kantu batekin remix a egin zuen Makalak eta oihartzun eta arrakasta handia izan zuen gure mugetatik kanpo. «‘Hori da musika euskalduna?’, galdetzen ziguten kanpoan, ederra zela esanez, eta guk ere world music edo global vibes etiketa horien barruan sartzeko moduko doinuak sortu ditzakegu», baieztatu zuen DJ Makalak, euskal ekoizle internazionalenetakoak.

Diskurtso berritzailea

«Diskurtso berri bat lantzen ari gara Euskal Herriko musika tradizionalarekin», esan zuen Makalak, «jendea prest dago horrelako proposamenak entzuteko», gaineratu zuen. Eta dantzatzeko. Rufino Arrola trikitilariak aspaldi esan zion Agus Barandiarani: «Ondo jotzeko ezinbestekoa da jendea dantzan jartzea». Duela 40 urteko kontuak dira horiek. «Nik ez dut trikitixa dantza barik ulertzen, elektronikarekin edo gabe».

Musikan urrats bat egin dute aurrera eta horretarako agertoki gainean dantzan arituko diren bi emakumeen ezagutza askotarikoa da. Euskal doinuak dantzatzeaz gain, afrikar erritmoak edota musika elektronikoari lotutakoak ondo menperatzen dituzte Alaitz eta Izaskun Oraa ahizpek. Dupla musika elektronikoa lantzen duen taldearekin ari da Alaitz plazak eta dantzalekuak ezagutzen eta Topa-k egitasmoan ere ekarpen hori egingo dutela atzeman daiteke. «Beraien artea eta ekarpena behar-beharrezkoa izan da», aipatu zuen Korrontziko trikitilariak. «Nahasketa indartsua da hau», baieztatu zuen.

Dantza, musika eta erritmoari irudia ere gehitu dizkio Taupa-k proiektuak. Hain zuzen, Martin Etxauri Txo bideojockey eta irudi sortzaileak landu du beraien iruditeria. Kontzertuetan proiektatuko dituzten bideoen egilea ere bera da, eta zuzeneko proposamen integrala izateko bokazioa du musika egitasmo berri honek. «Bideoetan oso ondo ageri dira gure tradizioko pertsonaia eta irudiak, baina egungo iruditeria eta erritmo bisuala eragingo du», esan du Mikel Unzurrunzagak.

Finlandian ezagutarazi zuten Korrontzik eta DJ Makalak proiektu hau eta datorren urterako Asiako musika elektroniko jaialdi baterako deitu dituzte dagoeneko. Ez dakigu Euskal Herriko plazetan beraien erritmora dantzatzerik egongo den. Elkar argitaletxeak plazaratu du lana, eta hizkuntza ezberdinetan ageri den aurkezpen txartela da. Sare sozialetan indartsu mugitzen ari dira dagoeneko.

PROIEKTUA


Finlandian ezagutarazi zuten Korrontzik eta DJ Makalak proiektu hau eta datorren urterako Asiako musika elektroniko jaialdi baterako deitu dituzte dagoeneko.