Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren kamioikadak

Askotan gertatzen den gauza da, zerbait baduzu kantu batek ekarritakoa izan daiteke. Kantu baten testua edo leloa barruraino sartzen zaizunean, esaldi hori bizitzako hainbat pasartetan erabiliko duzu. E txo!, gehiegi itxoiten duk/n. Kamioikada bat kantu ditugu horrelako esaldiekin, atsotitzei konpetentzia trinkoa eginez. Joan da buskalo. Aurrekoan esan zidan hamabost urteko batek «gazte»-ko bi azterketatan idatzi zuela «eta zoriontsuak izan ziren eta eperrak jan zituzten». Irakasleak trufa gisa hartu zuen. Nik gustuko nuen azterketetan kantuetako abestien letra zatiak sartzea, testuaren garrantzia indartzeko. Teknika biribila da, baina ongi aukeratu behar dira esaldiak eta modu egokienean sartu azterketaren toki esanguratsuenetan. Agian, irakasleak ere kantua ezaguna du eta testuinguru berri horretan irakurtzeak poza ekar diezaioke gaztearen atrebentzia irakurtzean. Ez da pasatu behar sastada literarioekin. Ez da komeni azterketaren irakurlea gogaitzea. Gaindosiak ez dira probetxuzkoak. Iñaki, zer urrun dagoen Kamerun. Kantuetako esaldi asko dakizkigu buruz eta leloak erabiliz elkarrizketa osoak izan ditzakegu. Ta zer ez da berdin. Esaldi horiei beti eskatu diet gardentasuna. Esaldiak lanbrotsuak direnean, gaizki, egileak baduelako «beste» bat. Baina ezin da bizi lelorik lelo. Jakin behar da noiz agertu zalditeria guztiarekin eta kaosa eragin. Aitortzen dut izan zarela ene bizitzaren onena. Bizitza, ordea une bakoitzean aldatzen da. Ekidin, kalterako dena. Has dadila kamioikada musikalen dantza!