GARA
DURANGO

120.000 kulturzale azken urteotako Azoka jendetsuenean

Itxi ditu ateak eta amaitu da 54. edizioa. Zenbakiak eta balantzea egitea tokatzen da orain, utzitako zaporeak dastatu eta erositako guztiaz, liburu zein disko, gozatzea. Lehen iritzi bat plazaratu zuen Gerediaga elkarteak atzo arratsaldean, eta, hitz gutxitan laburtu zuenez, «emankorra, orekatua eta oso jendetsua» izan da iragan berri den Durangoko Azoka.

Antolatzaileen balorazioaren arabera, «giro ona izan da nagusi» Azokako espazioetan zein Azokatik kanpo ere, «eguraldia lagun». Atzo baino ez zuen euririk egin. Zeruak utzitakoak aparte, zenbakiek lagundu ohi dute halako deialdi garrantzitsuei tamaina ematen. Hala, eta bisitari kopuruari dagokionez, jendetza ibili da Landako gunean eta azokaren parte diren beste espazioetan lau egunez. Datu zehatzei dagokionez Durangoko Azokak 120.000 bisitari jaso ditu, iaz baino 5.000 gehiago.

Abenduaren 6a, ostirala, izan zen egunik jendetsuena, 39.000 bisitarirekin, baina, oro har, bisitarien joan-etorriak «orekatuak» izan direla azpimarratu zuten. «54. edizioa oso jendetsua izan da, eta egun guztien artean orekatua. Abenduaren 6a eta 7a izan dira egunik jendetsuenak».

Abenduaren 5eko goiza, irekiera goiza hain justu eta ikasleei eskainia, «oso jendetsua izan zen». «Euskal Herri osotik etorri ziren milaka eta milaka ikasle, horrek duen garrantziarekin euskal kulturaren transmisioarentzat». Kontrara, egun hartako arratsaldea izan da lasaiena, jende kopuru aldetik.

Beste bi datu osagarrik ere laguntzen dute argazkia osatzen. Azokak antolatzen duen autobus zerbitzuak izan duen erabiltzaile kopuru handia, batetik. Aurten, 5.000 lagunek erabili dute doako autobus zerbitzua; hau da, iazko kopuru bera, baina azokak egun bat gutxiago izanda.

Landakora gerturatu den jende kopuruaren adierazgarri ere bada DA! oihalezko poltsak agortu direla. Aditzera eman zutenez, 4.000 ale ekoiztu ziren.

Arrakasta beste guneetan ere

Datu horiek Landako Guneari erreferentzia egiten diote, baina Durangoko Azoka ez da bakarrik pabiloira mugatzen. Ekosistema osatzen duten beste zazpi guneetatik ere oso balantze positiboak ailegatu ziren.

Irudieneko arduradunak ere «oso pozik» agertu ziren. «Lortu dugu Azokako bisitarien agendan ikus-entzunezkoek leku bat izatea». 1.800 ikusle baino gehiago izan dituzte orotara, eta Zugaza zinemetan izan duten «familia giroa» nabarmendu zuten. “Apaiz kartzela” dokumentalaren proiekzioa izan da ekitaldirik jendetsuena, baina emanaldi askotan egon da aretoa beteta.

Ahotsenean, azken urteetan bezalaxe, oso giro ona egon da zuzenekoen karpan eta solasaldien gunean. Musikari eta idazle ezagunek sortu dute ikusminik handiena bisitarien artean, baina, antolakuntzatik helarazi zutenez, «nabarmentzekoa da zenbat talde berrik hartu duten parte Ahotsenean euren lehengo diskoa aurkezteko, eta gauza bera euren ibilbidea hasi berri duten idazle eta sortzaileekin».

Saguganbarari dagokionez, «azken urteetako anitzena» izan da, «bai pasatu diren artistei, kultur diziplina ezberdinei edo bisitariei dagokienez». Kabi@n egunotan aurkeztu diren «proiektu eta eztabaiden ausardia» goraipatu zuten ohar bidez.

Arrakasta ere Plateruenan. En Tol Sarmiento taldearen kontzertuko sarrerak agortu egin ziren, eta Zetak-en kontzertuan oso sarrera gutxi geratu ziren; 800 entzule baino gehiago bildu ziren kontzertu bakoitzean.

Areto Nagusiaren kasuan, eragile eta erakunde ugarik euren proiektu eta asmoen aurkezpenak egin dituzte, baina azpimarratzekoa da, gero eta gehiago, «formatu ezberdineko aurkezpenak» egin direla, sortzaileagoak eta ezohiko baliabideekin. Halaber, Durangoko Azokako II. Sormen Bekaren irabazlearen iragarpenak ere ikusmin handia sortu zuen.

Gogoetaren Plazaren kasuan, hausnarketa mamitsuak eta eztabaida interesgarriak sortu dira, euskal kultura eta euskararekin lotutako hainbat gairen inguruan. Eztabaidarik jendetsuena eta interes gehien piztu zuena «euskara integrazio hizkuntza» hizpide zuena izan zen. Edozelan ere, «azokazaleen joan-etorria gorabeheratsua» izan da, saioaren arabera.

Lehenengo aldiz egin da eta aurrerantzean mantentzeko asmoa ere iragarri dute, adibidez, Musika Eskola Durangoko Azokako espazio modura erabiltzeari. «Ekosistemaren osagai bihurtuko da, horrenbestez», iragarri zuten.

Balantzea itxi zuen DA PRO egitasmoak. Parte-hartzaileak modu positiboan baloratu dute ekimena, hainbat negozio-aukera sortu direlako jada, hainbat kontratazio kasu.