Maite UBIRIA
BAIONA

Legrain ekonomialariak bere gain hartuko ditu Pausa zentroaren gastuak

Pariserako eta beste hiri handietarako bidean Baionatik pasatzen diren migratzaileen harreraz arduratzen den Pausa zentroaren funtzionamendu kostuak Olivier Legrain ekonomialariak hartuko ditu bere gain, Estatuak ez baitu auzi honetan erantzukizunik hartu nahi izan.

Iragan azaroaren 1ean Pausa zentroan izandako administrazio aldaketak mahai gainean jarri zuen, berriro ere, duela urtebete sortu zen eta Atherbea elkarteak –Diakite kolektiboaren ezinbesteko laguntzarekin– kudeatu izan duen zerbitzu honen finantziazioaren arazoa.

Orduan, Estatuaren finantziazio faltak ezaugarritzen zuen testuinguruan, Baionako alkate Jean-Rene Etchegarayk aipatzen zuen itxaropena bazuela «mezenas» baten ekarpenak kontuak orekatzen lagunduko zuela. Eta iragan asteburuan, “Sud-Ouest” egunkariak ezagutarazi zuen Santespiritu auzoan dagoen egoitza honi babes ekonomikoa emango dion lagunaren izena.

Milioi bat euro urtean

Argitaratutakoaren arabera, Olivier Legrain izango da pertsona hori. Ezaguna da Legrain; Estatu mailako ezkerrari lotuta, ingeniari eta ekonomialaria da ogibidez, eta pasa den hamarkadatik aurrera harremana izan du zenbait industria talde handirekin, administratzaile gisa.

Baionako udal agintarien eta Olivier Legrainen arteko elkarlana urrian zehaztu omen zen, Estatu frantsesean migranteak hartzen dituzten zenbait hiritako ordezkarik egindako bilera baten testuinguruan.

Euskal Elkargoak orduan baieztatu zuenez, Baionako auzapezak –Damien Careme europarlamentari ekologista alkate izandako Grande-Synthe hiriko, eta Gerard Fromm ezkerzaleak zuzentzen duen Briançon hiriko ordezkariekin batera– batzarra izan zuen «Pausa zentroaren funtzionamenduari laguntzeko dirua emateko prest azaldu den mezenas batekin». Eta orain jakin da mezenas hori nor den.

Egin beharreko ekarpena ez da nolanahikoa izango. Izan ere, Pausa zentroaren funtzionamendu gastuak urtean milioi bat euro ingurukoak dira. Ongileak, bere garaian 10.000 euro eman zituen zentroan erabiltzeko altzariak eros zitzaten, eta hura gertatu zenean Etchegarayk adierazi zuen lagun horren ekarpena 500.000 eurorainokoa izan zitekeela.

Irekita eman duen lehen urte honetan –2018ko azaroan zabaldu zituen ateak– Pausa zentroak mila bat etorkin hartu ditu. Bide luze eta gogorra egitetik datozen pertsonak dira guztiak, eta Baionako egoitzan atseden hartzen dute, gero kasu gehienetan berriro ere bideari heltzeko, Parisera edo Estatu frantseseko zein Europako beste hirietara.

Jendearen erantzuna

Baionako zentro hau ez da, edonola ere, gaur egun Ipar Euskal Herrian dagoen harrera sistema bakarra, hamarnaka lagunek esparru honetan lan egiten duten gizarte eragileen deiari erantzunez beren etxeko ateak irekitzen hasi baitira, denbora baterako migranteak hartzeko.