Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Gipuzkoako txapelaren lehiari ilusioz helduko diote zortzi bertsolariek

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa iritsi da amaierara. Larunbat honetan, Agin Laburu, Alaia Martin, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Beñat Lizaso, Jon Maia, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran izango dira, txapela amets, Donostiako Illunbeko oholtzara igoko direnak. Saioa 17.00etan hasiko da, baina garaiz ibiltzea inoiz baino gomendagarriagoa da: ordubete lehenago, 16.00etan, Realaren eta Bartzelonaren arteko partida hasiko da Anoetan.

Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Ane Labaka Mayoz, Beñat Gaztelumendi Arandia, Beñat Lizaso Alberdi, Jon Maia Soria, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran. Horiek dira larunbat honetan Donostiako Illunben jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean parte hartuko duten zortzi bertsolariak eta, atzokoan, ilusioz agertu ziren larunbateko hitzorduaren aurrean.

Beñat Gaztelumendiri orain lau urte lortutako txapela defendatzea tokatuko zaio, baina finalera «ezer berrestera» ez doala baieztatu eta, urteotan gizartean zein bertsolaritzan izan den «eraldaketari» erreferentzia eginda, «ni ere ez nago leku berean, orain beste zerbait egitea tokatzen zait; bertso bakoitza aukera bat izango da eta denak aprobetxatzen saiatuko naiz», ziurtatu zuen.

Elustondorentzat, aldiz, lehen finala da larunbatekoa. Aurretik bertsoaldi onak egina den arren, aurten «inoiz baino erregularrago» ikusi du bere burua eta finalera sartzearekin pozik agertu zen. Ildo beretik Labaka ere. «Ilusio handiarekin» eta «pozik» doa finalera, baina bere eskola txapelketaz besteko bertsolaritza izan dela ahaztu gabe. «Badirudi txapelketa dela balidazio sistema bakarra» esan zuen, bera «beste bidezidor batzuetan» ibilia dela nabarmenduz, baina finalera «beste horiek bezain beste zukutzeko asmoz» dola ziurtatu zuen.

Lizaso da finalean lehen aldiz parte hartuko duen hirugarren bertsolaria. Ez zuen ezkutatu txartela gutxien espero zuenean iritsi zaionik: «Txapelketak uzteko asmoa nuen, nire langa jo ote nuen zalantza egiten nuen. Orain pasa dut langa hori, baina ez dakit pizgarria izango den», esan zuen.

Bigarren finala da Iguaranentzat. Plazarako atea txapelketak ireki ziola eta plazan ikasitakoa erakustera datorrela nabarmendu zuen: «Plazaz plaza jaso dudanetik zati txiki bat erakutsi nahi nuke Illunben». Laburuk, bere aldetik, zortzikoari begira, bertsokerari dagokionez desberdintasuna marka dezakeela uste du: «Nire helburua da ‘Aginek horrela egiten du bertsotan’ erakustea».

Beteranoena da Maia. «35 urte pasa daramatzat txapelketatan eta oraindik hemen nago, hori da txapelik handiena. Ez zait gastatzen ilusioa. Beti pentsatzen dut nire onena emateko nagoela», aipatu zuen. Bere aldetik, Martinek bere burua bertsotan «libreago» ikusten duela esan zuen. «Inoiz baino libre eta kontzienteago ari naiz, kasu gehiago egiten diot plazako intuizioari. Ez dut nire burua zentsuratzeko asmorik, zorrotz eta umorearekin kantatzen saiatuko naiz», ziurtatu zuen.

Aurrez iragarri bezala, Xabier Gaztelumendik jarriko dio txapela irabazleari.

Informazio praktikoa

Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale elkarteko lehendakariak eman zuen larunbatean Donostian moldatzeko informazio praktikoa. Hasteko, sarrerak: larunbateko 13.00ak arte eskuragarri egongo dira Internet bidez (www.bertsolsarrerak.eus) eta, agortu ez badira, 15.00etatik aurrera Illunbeko txarteldegian.

Larunbatean, 17.00ean hasiko da saioa eta 15.30ean irekiko dira ateak. Hori bai, inoiz baino gehiago, garaiz joatea edota garraio publikoa erabiltzea funtsezkoa izango da: egun berean, 16.00ean, Reala eta Bartzelonaren arteko norgehiagoka hartuko du Anoetak eta inguruetan pilaketak egotea espero da.

Mugikortasun arazoak dituzten pertsonen beharrak behar bezala kudeatzeko aurrez antolakuntzari abisatzeko eskaria ere egin dute (gipuzkoakotxapelketa@bertsozale.eus edota 943670575) eta, bertaratu ezin dutenek, hainbat bide izango dituzte saioa jarraitzeko. Esaterako, NAIZ Irratian zuzenean entzun ahalko da saioa, 16.30etatik aurrera, Ander Lizarralde eta Oihane Enbeitak gidatuta.