Alfontso DIEZ

Ardoaren bidez taula periodikora hurbiltzea

Duela 150 urte Dmitri Mendeleievek sortu zuen taula periodikoa «zientziaren lorpen handienetakoa» dela azpimarratu zuten atzo Pedro Miguel Etxenikek eta Juan Jose Iruinek, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) bultzatu duen Kimikoteka proiektuaren aurkezpenean. «Naturaren ordena sakonaren isla» da taula periodikoa eta, DIPCko presidente den Etxenikeren esanetan, haren berrikuntza izan zen «dagoena ez ezik, egon daitekeena ere sailkatzen duela». Hala, atzo aurkeztu zuten Kimikotekaren taulak, ohiko taula periodikoaren elementuekin bat egiten duten ardoen bilduma osatzen du. 118 botila daude, ardoaren izena eta elementu kimikoen akronimoak aintzat hartua. Esaterako, karbonoa (C), “Cune” ardoak irudikatzen du; eta, berilioa (Be), “Beronia”-k. Botila sorta hau Koldo Mitxelenan erakusteaz gain, ekitaldi desberdinak egingo dituzte ardoaren kimikaren inguruko berezitasunak azaltzeko. Hori guztia, eguneroko produktuen atzean dauden prozesu fisiko eta kimikoak aurkezteko eta zientziaz modu atseginean aritzeko.