Nagore BELASTEGI

Folk ukituak eman dizkio Iker Laurobak bere tetralogiaren bigarren atalari

«Udazkena» kaleratu zuen Iker Lauroba musikari donostiarrak iaz. Aurten «Negua» argitaratu du, letra ilunagoak eta musika hotzagoa duen diskoa. Nahi gabe hasi zuen urtaroen inguruko sorta eta orain erronka moduko bat da berarentzat. «Udaberria» osatzeko kantak jada sortuak ditu, eta laster hasiko da grabatzen. Bakarkako ibilbidean murgilduta badago ere, inoiz ez dago bakarrik, bandarekin aritzen baita zuzenekoetan eta kolaborazio ugari dituelako.

Iker Laurobak bere bakarkako laugarren diskoa kaleratu du, “Negua” izenekoa. “Udazkena” izan zen urtaroen inguruko sail baten lehena. «Nire asmoa ez zen lau urtaroak egitea, baina iazko diskoari ‘Udazkena’ izena jarri nion abesti guztiak 2018an konposatutakoak izan zirelako. Jon Garmendia Txuriak idatzi zidan letra horietako bat. Kontatu zidan Donibane Garazitik paseatzen ari zela itsasora begira geratu zela eta poema bat idatzi zuela, eta horren azpian data jartzen zuen, 2018ko udazkena. Kontzeptu bezala, abestiak antzekoak zirelako, goibelak, polita iruditu zitzaidan ‘Udazkena’ izena jartzea», kontatu digu musikari donostiarrak.

Horrela okurritu zitzaion urtez urte urtaro bati eskainitako diskoa egitea, urtaro bakoitzak dituen ezaugarriak kontuan hartuta disko kontzeptual bat egiten saiatzeko. «‘Negua’ hotzagoa da letra aldetik, ilunagoa, instrumentuen aldetik sintetizadoreak daude eta horrek ere ukitu hotzagoa ematen dio», azaldu du.

Munduak hartu duen norabidearekin «gero eta ezkorragoa» dela onartzen du Laurobak. Uste du gizakien arteko harremanak usteltzen ari direla eta garrantzi gehiago ematen diogula gero eta gauza hutsalagoei. «Horren inguruko abesti dexente ditut. Bizpahiruk letra baikorragoa dute, neguan ere badaudelako egun eguzkitsuak, eta gustu handiz hartzen ditugu. Musika aldetik ere nahiko alaiak dira».

Instrumentazio desberdinak erabili ditu. «Musika tresna txiki asko erabili ditut, ukelelea, mandolina, kabakinoa… gustua hartu diet. Folkera bideratzen ari da nire musika gero eta gehiago, ez hainbeste euskal folk tradizionalera, baizik eta folk britainiarrera. Baina badaude pop abestiak edo pianoarekin soilik egindakoak», aipatu du estilo desberdinak landu dituela argi utziz.

Lagunez inguratuta

Dagoeneko “Udaberria”-ko hamar kantak konposatuak ditu eta grabatzea bakarrik falta zaio. «Etxean grabatzen dut eta horrek ahalbidetzen dit denborarekin grabatzea, estudioko presarik gabe. Abestiz abesti noa, behar ditudan instrumentuetan pentsatzen dut, eta konbentzitzen ez banau beste buelta bat ematen diot eta saiatzen naiz beste bide batetik joaten».

Orain arte, bere disko guztietan lagun asko izan ditu inguruan. «Bizkarrezurra nik grabatzen dut baina ia abesti guztietan dut kolaboratzaileren bat. Gustuko ditudan musikariak edo gertuko jendea izaten da. Laguntza eskatzen diet eta zorte handia dut beti baiezkoa ematen didatelako», esan digu.

Zuzenekoetarako bere banda dauka: Leire Berasaluze, Olaia Inziarte eta Urbil Artola. «Oso ondo ulertzen dute nire musika ikusteko modua. Askotan zuzenerako moldatu egiten dugu. Adibidez, ‘Negua’-n badago abesti bat tronpeta, tronboi eta biolinarekin, eta horiek zuzenekoetan ez ditugu erabiltzen».

Bestalde, Ainhoa Larrañagarekin eta Izarorekin ere aritzen da lanean. Izarorekin hirugarren diskoa grabatu dute eta martxoan hasiko dute bira. Larrañagarekin, berriz, diskoa grabatzen ari dira eta otsailerako kalean izatea espero dute. “Negua” diskoko kantak Durangoko Azokako Ahotsenean aurkeztu bazituen ere, benetako aurkezpena kontzertuetan egingo du. Hondarribiko kultur etxean izango da bihar iluntzean, eta Orexan urtarrilaren 24an. Bestalde, otsailaren 8an Ainhoa Larrañagak bere diskoa aurkeztuko duenez, kontzertu bikoitz moduan planteatzen dute eta Iker Laurobak ere “Negua” aurkeztuko du.

Musikari denbora asko eskaintzen dio donostiarrak, baina ez nahi beste. «Askoz errazagoa izango litzateke musikari profesionala izango banintz. Nik lantegi batean egiten dut lan zortzi ordu egunean. Horrek denbora eta energia asko kentzen dit. Gero eta zoriontsuago sentitzen naiz musika egiten eta nire helburua da lantegian lanaldi erdira egotea eta musikarekin soldata duin baterako falta zaidan erdia lortzea. Zaila da baina badoa pixkanaka», aitortu digu datorren urtera begira egin nahiko lukeen aldaketa aipatuz.