Maddi
TXINTXURRETA

SARE BAT, EUSKAL HERRIKO GAZTEAK ETORKIZUNARI BEGIRA JARRIKO DITUENA

EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko gazteen arteko lankidetza-sare bat sortzeko helburuarekin, Gazte Lankidetzarako Sareak prozesua abiatu dute Eusko Ikaskuntzako zenbait gaztek. «Batzen gaitue horretan zentratu eta aurrera begiratu nahi dugu».

Iaz mendeurrena bete arren, Eusko Ikaskuntza ez da erakunde zaharra, bere asmoetan bederen. Geroa Elkar-Ekin prozesuaren baitan atondutako “Liburu Berdea”-ren filosofiari tiraka –euskal lurraldeen inguruko diagnostiko partekatua–, eta “Liburu Zuria”-ren –euskal lurraldeen arteko kohesio eta lankidetzarako idatzia– segida independente gisa, Gazte Lankidetzarako Sareak bultzatu du gazte talde batek, «mugaz gaindiko berrikuntza sozialerako proiektua».

“Liburu Zuria”-ren prozesuaren baitan egin zen gogoeta prozesuan ezagutu zuten elkar Antton Mayak (Larresoro), Nerea Blancok (Lizarra) eta Ander Vizanek (Portugalete). Liburuan gazteen ikuspuntua txertatzeko asmoz, bi foro antolatu zituzten iaz, bat Kanbon eta Leioan bestea, eta bertan erabaki zuten, beste gazte batzuekin batera, Gazte Lankidetzarako Sareak prozesua abiatzea, euskal lurralde guztietako gazteen (18-35 urte artekoak) erronka eta beharrei buruzko diagnostiko propioa egin eta horiei aurre egiteko baliabideak identifikatzea helburu izango zuena. «Zer edo zer egiteko asmoarekin bildu ginen, baina zer hori denon artean erabaki behar genuen», agertu du Vizanek. Horixe egin zuten, eta Eusko Ikaskuntzak argi berdea eman zion egitasmoari.

Hastapenetan dagoen proiektua da, eta, Mayak esan zuenez, «prozesuarekin definituko dena, pixkanaka». Abiapuntu bat ezarri eta lurralde- nahiz diziplina-arteko eztabaida bideratzeko, Leioan eta Kanbon egindako foroetan elkartutako gazteek lau ardatz finkatu zituzten: hezkuntza, formala zein informala; gobernantza, parte-hartzea eta ahalduntzea; sozioekonomia, ongizate materialari dagokionez; eta hizkuntza, euskara eta hizkuntza-politikak lehenetsiz. Ardatz horien inguruan eztabaidatuko dute Donostian, Iruñean eta Baionan egingo diren foroetan.

Eztabaida-leku horietan, lurralde bakoitzeko –EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria– diagnostikoa egingo dute. Lurraldez lurralde identifikatu asmo dituzte «zer kezka, behar eta erronka ditugun gazteok, eta horiei aurre egiteko zer tresna behar ditugun». Horretarako, lau lantaldetan banatuko dira, aipaturiko gai nagusien inguruan eztabaidatu eta adostasunak finkatzeko. Lehen foroa Donostiakoa izango da, gaur bertan, Miramar jauregian. Otsailean egingo dute Iruñekoa, martxoan Baionakoa eta, azkenerako, Mugaz Gaindiko Gazte Foroa egingo dute maiatzean.

«Helburu nagusia saretzea da, EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko gazteen arteko sare bat sortzea; norbanakoena eta eragileena, eta erakundeen babesa ere izango duena. Uste dugu prozesua bera izango dela positiboa. Lau gai aukeratu ditugu saretze horri heltzeko, baina asmoa da amaierarik gabeko prozesu bat zabaltzea», esplikatu du Ander Vizánek.

Saretze hori indartzeko, gainera, proiektuarekiko engaiamendua erakutsi dute Nafarroako Gazteria Kontseiluak (NGK), Euskadiko Gazteria Kontseiluak (EGK) eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU). Hiru erakundeok euren sareak erabiliko dituzte parte hartzea bultzatzeko. Gazteek nabarmendu dutenez, lehenengo aldia da NGK eta EGK lankidetzan arituko direna.

«Esango nuke lehenengo aldia dela, bakoitzak bere lurraldeari begiratu ordez, lurraldeen arteko erronka batzuk zehaztu eta horiei aurre egiteko elkartzen garena», azpimarratu du Nerea Blancok.

Maiatzean egingo den Mugaz Gaindiko Foroan lurralde bakoitzean jasotako erronka eta proposamenen «perspektiba orokorra» landuko dute. Hala, eremu batetik bestera desberdintasunak agertuko diren arren, berdintasunak indartu nahi dituzte, eta, diotenez, «komunean dugun horretatik, erronkei batera aurre egin nahi diegu guk geuk proposatzen ditugun tresnekin».

«Iparraldetik begiratuta, ikusten da mugaz gaindiko tresna guztiak nahiko teknikoak edo komertzioari begira antolatutakoak direla, eta, zentzu horretan, uste dut gazteen perspektiba nahiko eskasa dela», iritzi du Antton Mayak.

Testuinguru zaila

Ipar-hego distantzia eta beste arazo ugari gainditzeko abiatu dute Gazte Lankidetzarako Sareak, nahiz eta kontziente diren egungo egoerak, globalizaziotik eta gizarte likidotik eratorritako kezkek, adibidez, prozesua zailtzen dutela. Gazteek pairatzen duten prekaritatea ere izan dute hizketagai. «Egia da gaur egungo egoera zaila dela, prekarioak gara, eta ez ditugunean batzuen behar minimoak ere asetzen konplexua da prozesu iraunkor bat burutzea. Hala ere, uste dut foro hauek baliagarriak izango direla horretarako ere. Horregatik daukagu sozioekonomiaren ardatza, gazteon prekaritatea ere azaleratzeko», esan du Blancok.

Alabaina, gazteen antolatzeko eta elkarlanean aritzeko gaitasunean konfiantza daukate: «Ikusiko dugu zer tresna proposa daitezkeen, eta ikusiko da ez dela egia gazteak ez direla antolatzen, ez dutela parte hartzen, baizik, agian, beste modu batera egin nahi ditugula gauzak. Eta beste modu batera egingo ditugu».

Blancok, Vizanek eta Mayak gogorarazi dute Gazte Lankidetzarako Sareak prozesu irekia dela, 18-35 urte arteko edozein gaztek parte har dezakeela. Eusko Ikaskuntzaren webgunean aukera dago foroetan parte hartzeko izena emateko. Berebat, hausnarketa prozesua «ahalik eta anitz eta zabalena» izatea nahi dutela nabarmendu dute eta parte hartzeko gonbita zabaldu diete euskal lurralde guztietako gazteei.