Idoia ERASO

BAIONATIK MUNDURA, 20 URTE EUSKARARI BURUZKO PUNTAZKO IKERKETAK EGINEZ

Iker euskararen eta euskal testuen ikerketa zentroak 20 urte ospatzen ditu aurten. Urteurrenak orain arte egindako ibilbideari begiratzeko aukera ezin hobea ematen du, egungo ikertzaileen dinamismoak ikerketak munduan barna hedatzen dituelarik.

Iker euskarak eta euskal ikasketek Estatu frantseseko unibertsitateetan izan duten ibilbideari loturik dago. Duela 40 urte Baionan abiatu zen euskal gaien ikerketarako egitura eta hizkuntzan berezitu zen duela bi hamarkada, egungo zentroa sortuz. Gaur egun puntako lanak egiten dituzte bertan, eta Urtzi Etxeberria zuzendariaren aburuz, munduan zehar eskaintzen dituzten hitzaldiek «erakusten dute ikertzen ditugun gai estrategikoek duten agerpena». Hauxe gaineratu du: «Askotan euskara aipatzen denean nondik datorren izaten da gaia; guk egiten dugun galdera ez da baitezpada hori, zera baizik: gai al gara euskara munduan barna erakusteko, ez hizkuntza hil bat bezala baizik eta erabiltzen den hizkuntza bezala?».

Estatu frantsesean euskal ikasketei buruzko egitura berezitu bakarra da, eta horrek Europan baita AEBetan eta Kanadan ere, bazkide saihetsezina bilakatzen du. Hiru egituraren baitan kokatzen da Iker: Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionala (CNRS frantsesez), Bordele Montaigneko Unibertsitatea eta Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatea.

Laborategiaren izen onak ikertzaile berrien etorrera ahalbidetu duela, eta horrek jorratutako gaien aberastasuna ekarri duela nabarmendu dute zentrotik. Eleaniztasuna eta arkeologia kognitiboa lotzen dituzten edo euskal eleberri garaikidean aplikatzen diren genero ikerketak dira, besteak beste, azken urteotan garatu dituzten gaiak.

Azken hamar urteotan bertan ari diren pertsonen kopurua ia bikoiztu egin da. Egun 4 irakasle-ikertzailek, 17 ikertzailek eta 13 doktoregaik parte hartzen dute laborategian. Azken horien erdia EHUrekin, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoarekin edo Montrealeko Unibertsitatearekin ari dira tutoretza partekatuak egiten.

«Euskal Herrian graduatu ondoan, doktorego denboran eta horren ondotik ere, nazioarteko esperientzia joria dute. Ez da harritzekoa azken urte hauetan lehiakortasun maila gora-gora duen CNRSeko hizkuntzalaritzako lehiaketan goreneko marra gainditu ahal izana», adierazi du gaur egungo taldeaz Beñat Oihartzabalek, ikerkuntza zentroko lehen zuzendari izan zenak. Eta gaineratu duenez, «Iparraldeko euskararen ikerketen geroa esku onetan da».

Bordeleko unibertsitateko presidenteordea den Frederic Boutoullek metafora argigarria erabili du Baionako zentroa definitzeko: «Iker gaztea da baina oso preziatua, bikaintasun gune bat da CNRSrentzat, urre pipita bat». Zentzu horretan, gunearen dinamismoa eta egitasmo egituratzaile eta berritzaileen garrantzia nabarmendu du.

Ikerketaren mundutik, euskararen egunerokotasunarekin bat egiten duten proiektuetan ere parte hartzen dutela nabarmendu nahi izan du Etxeberriak: «Hemengo erakundeekin, dela Ikas-ekin dela Euskararen Erakunde Publikoarekin, parte hartzen dugu. Orain, adibidez, gramatika berri bat sortzen ari gara, eta horrek badu inplikazio bat irakaskuntzan. Uste dut Iparraldean gizarteari egiten zaion ekarpenak baduela pisua Ikerren».

40 urteko ibilbidea

Ikerrek berak bi hamarkada bete ditu, baina proiektuaren jatorriak ia bikoitza egiten du, garai horretan sortu baitzuen Jean Haritschelharrek gerora egungo ikerketa zentroa bilakatuko zen ERA. Bordele 3 Unibertsitatearen gerizpean sortu zuen, eta Euskal Ikasketen saila izango zenaren «lehen hazi ereilea» izan zela erran du Oihartzabalek.

Euskaltzaindiko buru eta Baionako Euskal Museoko zuzendaria ere izan zen Haritschelar erretiratu zenean Jean-Baptiste Orpustanek hartu zuen erreleboa, eta Baionako campuseko Euskal Ikasketak unibertsitateko ibilbide osoa egiteko antolatu zituen.

Euskal Herriaren historia, soziologia, antropologia, politika zientziak... biltzen ziren Euskal Ikasketetan, euskararekin batera. 1999an CNRSko ordezkariak Baionako ikerketa taldearen ebaluazioa egitera hurbildu zirenean «lanen norabidea eta ikergai eremu guztiz irekia zalantzan jarri» zutela azaldu du Oihartzabalek. Garaian CNRSk Baionan zuen langile bakarra zen bera, eta aldaketarako urratsak egiteari ekin zion: «Euskal Ikasketetako lagunekin bildu ondoan, pentsatu genuen merezi zuela barnetik ikertzea, eta CNRSri proiektu berritatu bat aurkeztea».

Handik ondorioztatutakoarekin CNRSko giza zientzietako buru zen Alain Peyrauberi ondoko eskakizuna egin zioten: «Euskara oinarrizko ikergai zuen laborategi bat». Erantzuna baiezkoa izan zen, eta garaian euskal ikasketa arloa zuten bi unibertsitateen arteko elkarlana beharrezkotzat jo zuen.

Hiru baldintza ezarri zituzten zentroaren sorrera ahalbidetzeko: ikerketa eremua mugatzea euskaran oinarrituz, gazte berriak taldean sartzea eta taldearen jardun eta ekoizpen zientifikoa nazioarteko estandarrei egokitzea, horrela maila goreneko ikusgarritasuna erdiesteko. «Baldintza horiek guztiak bete errazak ez ziren arren, ondotikako begirada batez, helburuek eta aholkatu jokamoldeek lagundu egin zuten Baionan ikerketa talde bizi eta emankor baten egituratzea», baieztatu du Oihartzabalek.

Horien artean garrantzitsuenetako bat ikertzaile gazteak ekartzea izan zela iritzi dio berak: «Jakin bezain laster Hegoaldeko lagunei erran nien norbait ikusten bazuten frantses pixka bat bazekiena eta interesa zuena ikerketa munduan sartzeko Frantzian, errateko, eta horrela izan nuen Ikerren zuzendaritzan nire ondorengoa izan zen Ricardo Etxepareren berri, haren bitartez sartu dira beste batzuk ere, eta untsa egin dute».