Amagoia MUJIKA TELLERIA
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

BEñAT GAZTELUMENDIK, BERETIK ETA LURRETIK, JANTZI DU BIGARREN TXAPELA

BERE-BERETIK, LANGILE, SINESGARRI, UMIL, SUABE, LURRETIK ARITUTA JANTZI DU BEñAT GAZTELUMENDIK BERE BIGARREN TXAPELA. AITAK JANTZI DIO, XABIERREK, ETA AMARI ESKAINI DIO. BIGARREN, AGIN LABURU, ATZOKO BESTE TXAPELDUNETAKO BAT. ALAIA MARTINI PUNTU BAT ATERATA SARTU ZEN BURUZ BURUKORA.

Bertsogintzakoa familia handi bat da berez, odola ez den sentipen kolektibo batek lotzen duena. Atzo gertatu zitekeena gertatu zen, aitak semeari txapela jantzi zion, Xabierrek Beñati. Eta semeak, amari eskaini: «Bertso eskola bukatzean nor egoten zen gure zai/ gaixo geundenean nor zen min denak goxatzeko gai/ guk festa egin genezan nork etzuen egiten jai/ ta nork eraman gintuen sabel barruan bi anai/ nahiz ta igual etzenuen gaur protagonismorik nahi/ ama hau zuri eskaini gabe ez nengoke lasai/ Xabierren semea naiz ta Pilirena ere bai».

Arratsaldeko lehen parteko ofizioetan erregular aritu zen eta hamarreko txikian egin zuen nabarmen gora. Gero, bere espezialitatean, bakarkako lanetan, atera zuen koska.

Agin Labururekin

Buruz burukora Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi pasatu ziren. Laburuk puntu bat atera zion hirugarrenari, Alaia Martini, saioaren lehen partean. Oso puntu baliotsua zalantzarik gabe. Txapelik gabeko txapeldunak izaten dira beti finaletan eta horietako bat Astigarragakoa izan zen. Eta horrelaxe bizi izan zuen berak ere. Buruz burukoan, dena irabazi duenaren askatasunetik, ofiziotan Gaztelumendik baino puntu gehiago bildu zituen. Esan bezala, bakarkakoan atera zion koska txapeldunak. Seiko motzean, urruneko planeta batetik etorri eta lurrean bizitzeko tokia topatuko ote zuten aritu ziren. Gaztelumendik ez zuen garbi, Laburuk bai. «Trumpek sortzen du ikara/ begiratuz begitara/ eta lurra da portzelana fin-finezko kikara/ espazioa ez da traba/ baina Beñat para-para/ zuk lasai bizi nahi dezu baino aspergarria da».

Kartzelakoan, honako gaiari abestu behar izan zioten: Esan eta esan aritu arren, ez entzunarena egiten dizute. Gaztelumendiren bigarrena: «Askotan hala esaten dute ea noiz zentratzen haizen/ ta gauza gutxik naute zentratu hitzak adina gogaitzen/ zentratzea da bukatu nahia alokairu bat ordaintzen/ galdera asko egin gabe ta hiru ume txiki zaintzen/ larunbat gauez tabernek naute goxatzen eta alaitzen/ gaztetan bizi nintzen bezela horrelaxe det jarraitzen/ enintzen molde horretan sartu neretzat estua baitzen/ ta ezin duzue imajinatu ze zoriontsua naizen».