GARA
BAIONA

Hautetsiak Baionan izango dira urtarrilaren 11n, euskal presoen alde

Ipar Euskal Herriko hautetsiek parte hartuko dute urtarrilaren 11n Baionan euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko izango den manifestazioan. Hala dio Jean-Rene Etchegaray lehendakariak proposatutako mozioak, Euskal Hirigune Elkargoaren kontseiluak atzo goizean onartu zuena.

Testuan azaltzen denez, duela bi urte elkarrizketa gune bat martxan jarri zen Ipar Euskal Herriko hautetsien, eragile sozialen ordezkarien eta frantziar Estatuko Justizia Ministerioaren ordezkarien artean bake prozesuari buruz hitz egiteko, batez ere presoen auziari buruz. Errepresaliatuen egoera «eztabaidaren erdigunea» delako.

Ordutik hona aurrerapauso garrantzitsuak eman direla nabarmentzen da onartutako mozioan: presoak hurbildu dituzte Mont-de-Marsan eta Lannemezango espetxeetara eta frantziar Estatuan preso dauden euskal errepresaliatu gehienei kendu zaie DPS estatusa.

Halaber, epaile batzuen bilakaera positiboa aipatzen da mozioan, «Zigor Aplikazioen Auzitegian ikusi ahal izan dugun bezala». Izan ere, auzitegi horren zenbait epailek kontuan izan dute bake prozesuan eman diren aurrerapausoak, eta Frederic Xistor Aranburu, Lorentxa Beyrie eta Ibon Fernandez de Iradiren kasuetan zigorra etetearen alde agertu dira.

«Zoritxarrez, Fiskaltzak beste norabide bat hartu du eta beraren jarrerak oztopatzen du euskal gatazkaren behin betiko konponbidea», azpimarratzen du Elkargoak onartutako mozioak.

Neurri zehatzak

Maiatzean, Emmanuel Macron frantziar Estatuko presidentea Biarritzen egon zen eta Euskal Herrian martxan jarri den prozesua goraipatu zuen. Esan zuenez, «historiari lagundu behar zaio» aurrera egiteko, Euskal Herriak pairatzen duen gatazkaren kasuan konponbide bat lortzeko.

Herri honek Macronen hitzak «neurri zehatz bilakatu daitezela» espero duela adierazten du Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko hautetsiek atzo onartutako mozioak. Horregatik, urtarrilaren 11n kalera aterako dira, beraien makilekin, Ipar Euskal Herria gaur egungo «egoera aurrera egiteko» prest dagoela erakusteko.