Surflari ernegatua

Biarriztik Tahitira

Inork gutxik espero zuen erabakia hartu du 2024an Parisen izango diren Olinpiar Jokoak antolatzen ari den Komite Olinpikoak. Surfeko olinpiadak Paristik 15.700 kilometrora izango dira, Teahupoo ezker olatu borobilean. Izan ere, Tahitiko olatuak, Martinika uharteko platanoak saltzeko Carrefour-en erabiltzen duten leloak dioen bezala, «bertakoak dira».

Inork ez zekien hautapena egiteko zein irizpide erabiliko zituzten eta hautaketa egin ostean ere, erabakia justifikatzeko asmatu dituzten irizpideak azaltzeko orduan ere baldar ibili dira: «Tahitik surfaren autentikotasuna irudikatzen du, eta gure misioa da surfaren historia luzea eta jatorri polinesiarrak gogoraraztea», dio surfik egiten ez duten kolonizatzaileen oinordekoez osatutako Komite Olinpiarrak.

Ondorioz, Biarritz, Hossegor-Seignosse, Lacanau eta La Torcheko hautagaiek lehen aldiz egingo diren surfeko olinpiadak beren kostaldean egiteko aukera oro galdu dute.

Horren aurrean bi burutapen datozkit. Batetik, lasaitasuna. Biarritz hautatu balute euskaldunok gure parte hartzeko eskubidea aldarrikatu beharko genukeelako, eta egun goi mailan dauden euskal surflarien nortasun falta ikusita, abertzale garenok jasango genukeen auzo lotsak marka guztiak gaindituko lituzkeelako.

Bestalde, surfeko olinpiadetarako erabiltzen ari diren sailkapen metodoak olatu txikietan ongien aritzen direnei bidea errazten diela agerikoa da, baina Teahupoo ez da txantxetako urautsia. Hor ere, zenbait selekziotako ordezkariekin auzo lotsa pasatzeko aukerak oso handiak dira. Lastima Espainiako Selekzioan diren «bertako platanoek» joko olinpiarretarako posturik ez eskuratzea.