Eneko Saralegi, Euskal Herriko 3. mailako aizkolari txapelduna

Otxandion jokatu zen larunbatean Euskal Herriko hirugarren mailako Aizkolarien Txapelketa, eta bertan Eneko Saralegik txapela jantzi zuen. Hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako pago enbor ebakitzeko 13 minutu eta 57 segundo behar izan zituen. Bigarren izan zen Ioritz Gisassola (14:29) eta hirugarren Txomin Amundarain (15:09). Ondoren, Goizeder Beltza (15:39), Luis Polanco (16:20) eta Julen Aranberri (16:36). Saralegik eta Gisasolak heldu den urtean bigarren mailan jokatuko dute.
Sokatira, Beti-Gazte garaile
Berriozarren jokatu zen 4x4 sokatira txapelketa, gizonezkoak 300 kilotan eta emakumezkoak 260 kilotan. Bietan Lesakako Beti-Gazte izan zen garailea. Gizonezkoetan hauxe izan zen sailkapena: Beti-Gazte, Ibarra, Ñapurrak, Berriozar, Gaztedi eta Antsoain. Emakumezkoetan, aldiz, hau: Beti-Gazte, Badaiotz, Gaztedi, Ibarra, Txantrea eta Badaiotz B.
Idi probak
Gaur astelehena, Abadiñoko probalekuan, “Katedralean”, Euskal Herriko Idi Proben Txapelketako finala jokatuko da 21.00etan. Parte hartzaileak dira Garagartza elkartea, Arene jatetxea eta Goieta taberna. Aipatu probalarien uztarriak plazaratuko dira. Finalak oihartzun handia izaten du eta bereziki Abadiñoko probalekuan jokatzen denean. Ezagutu izan dugu, probalekua handia eta dotorea da eta jendez gainezka ikusi izan dugu sarritan.
Larrañaga finalera
Atzo jokatu zen Urrestillan Urrezko Aizkolarien azken-aurreko kanporaketa. Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo neurtu ziren eta finalerako txartela aizkolari azpeitiarrak jaso zuen. Larrañagak hamar kana-erdiko ebakitzen 27:50eko denbora egin zuen. Jon Rekondok 28:49.
Gabonetako Harri-jasotze Kopan atzoko ekitaldian Beñat Telleria sailkatu zen, 78 jasoaldi eginaz.
Emakumezkoetan, ingude altxatzen, Estibalitz Cidad eta Maika Aristegi neurtu ziren. Maikak lortu zuen garaipena, 97 jasoaldi eginaz. Estibalizek 86 jasoaldirekin burutu zuen bere lana.
Sokatira, Bizkaiko Txapelketa
Atzo jokatu zen bigarren ekitaldia Ispasterren eta bost taldek parte hartu zuten 640 kilotan. Irabazlea Gaztedi Gizonezkoak izan ziren 10 puntu lortuz. Bigarren Murueta (8 puntu) izan zen eta gero Goiherri (7), Abadino (3) eta Gaztedi Neskak (0 puntu). Igandean jokatuko dute azken ekitaldia Mungian.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
