Haritz LARRAÑAGA
Surf

Jaws Championship Peahi 2019:Alms eta Kemper garaile Mauin

Olatu handien munduko itzuliko lehen proba Paige Alms eta Billy Kemper hawaiiarrek irabazi zuten Maui uharteko Peahi urautsian. Baldintza ikusgarriak izan ziren eta surflariek itzelezko ikuskizuna eskaini zuten.

Hawaiiarrak nagusitu ziren Peahin. Billy Kenperrek laugarren aldiz irabazi zuen munduko olatu handietako txapelketa etxean. Nesken kategorian, ostera, Paige Alms nagusitu zen, eta honek ere bigarren aldiz eskuratu zuen Peahiko txapela.

Mutilen zein nesken mailan, finalera iritsi ziren sei lehiakideetatik bost hawaiiarrak ziren, eta seigarrena Brasilgoa zen. Bi kasuetan, brasildarrek azken postua eskuratu zuten finalean, hau da, seigarren postua. Hortaz, olatu handietan hawaiiarrek duten esperientzia eta ibilbide historikoa agerian geratu ziren beste behin ere Peahin.

Baldintzak ere oso onak izan ziren. Olatu handiak eta erreka haizea. Ordea, Peahin haizeak ohiko urautsietan baino indar gehiago izaten du, olatuak kostaldetik oso urrun lehertzen baitira, eta horrek asko zailtzen du jaitsiera, baina bestalde, are eta ikusgarriagoa ere bilakatzen du take-off ariketa (jaitsiera).

Gutxienez 9 metro

Uhin lerro erraldoiak gero eta handiagoak ziren abenduaren 13an Peahin. WSL erakundeko esatariak 30 eta 50 oin arteko olatuak zirela esan zuen, hau da, 9 eta 15 metro arteko olatuak. Esan beharra dago WSLko esatariek eta orokorrean goi mailako lehiaketetako antolatzaileek olatuak neurtzeko duten modua ez dela batere neurriz gainekoa, oso zorrotzak dira olatuen tamaina ematerako orduan, beraz sinesgarriak dira haiek ematen dituzten datuak.

Munduko olatu handien txapelketa bat egiteko gutxienez 30 oineko altuera (9 metro) izan behar dute olatuek. Baldintza hori betetzea zaila izaten denez, itxaronaldi epea azaroaren lehenetik martxoa amaiera arte luzatzen da.

Aurtengo BWWT (Big Wave World Tour) itzulia soilik bi txapelketek osatzen dute mutilen kategorian. Bata pasa den ostiralean Mauin egin zutena litzateke, eta bestea, martxoaren 31 bitartean behar bezalako baldintzak sortzen badira Portugalgo Nazare urautsi famatuan egingo dutena.

Nesken kasuan, txapelketa bakar batek osatzen du munduko olatu handien itzulia. Duela hiru urte hasi ziren olatu handietan neskak lehiatzen, zeren aurrez ez zegoen nesken olatu handietako txapelketarik. Peahin bertan hasi ziren eta pasa den ostiralean nagusitu zen lehiakide berak irabazi zuen 2016-2017 denboraldiko olatu handien lehiaketa.

Hurrengo urtean, berriz, Keala Kennellyk irabazi zuen, eta ordutik, esan daiteke nesken olatu handietako txapelketa egonkortzen hasi dela. Ondorioz, ez litzateke harrigarria izango, nesken BWWT itzulian txapelketa gehiago egiten hasiko balira.

Lehiakideen estrategiak

Aurreko urteetan bezala, pasa den ostiralean ere txapelketa egiteko muturreko baldintzak ziren, baina lehiakideek urtez urte gero eta gehiago arriskatzen dute eta denetarik ikusteko aukera izan zen. Surflari batzuek ezkerraldera jotzea erabaki zuten, nahiz eta olatuak ihesbiderik ez eskaintzeko arriskua izan. Erorketa ikusgarriak ere izan ziren, eta olatua leku egokian hartu ahal izateko urautsitik gertuegi ziren surflariak azpian antzeman zituzten ur masa erraldoiak ere bai.

Egun olatu handietan surf egiten duten surflariek eramaten duten txalekoari esker ez zen ezbeharrik izan, baina olatu handi batek surflari bat azpian harrapatzen zuenean, edo olatuan erortzen zenean, kronometroa martxan jartzen zen, halako baldintzetan jarraian datorren olatua iritsi aitzin surflaria ur azalera ateratzen ez bada itotzeko aukerak biderkatu egiten baitira.

Erorketa zinez arriskutsuak izan ziren, eta ur masa zurien azpian harrapatuta geratu ziren lehiakide batzuek gorriak ikusi zituzten, baina ez zen muturreko salbamendurik izan, uretako motoekin sorospen lanetan aritzen direnek ere lan bikaina egin baitzuten. Gehiegi arriskatu eta motoa irauli zitzaionik ere izan zen. Hala ere, galera material handiena surf taulak izan ziren, lehiakide askok hautsi baitzuten ohola.

Lehiakide gehienek surf taula oso handiak zituzten olatuak urrunagotik hartu ahal izateko, baina lurretik zetorren haizeak taularen azpialdea altxarazten du halakoetan, eta batzuek nahiago izaten dute haizeari aurre egiteko taula txikiagoa erabili. Kai Lenny lehiakide hawaiiarrak, esaterako, ia hiru metroko taula bat zuen. Oso taula txikia da halako baldintzetan olatu bat hartzeko, taula txikiago batekin olatua beranduago hartzen baita eta horrek jaitsiera zailtzen du.

Hawaiiarrak nagusi

Sei lehiakidez osatutako txandak izaten dira olatu handietako txapelketetan. Mutilen finalerdiak ikusgarriak izan ziren, zeren lehiakideek olatu dezente hartu zituzten. Horrela, finalera iritsi ziren lehiakideen artean, baziren lau gainontzeko surflariek baino ikuskizun handiagoa eman zutenak, eta ondorioz, faborito bilakatu ziren.

Urautsia oso ongi ezagutzen dutelako, duten esperientziagatik, eta aurreko txandetan erakutsi zuten abileziagatik, Billy Kemper, Ian Walsh, Nathan Florence eta Kai Lenny lehen lau postuetan izango zirela agerikoa zen, baina horien artean nork irabaziko zuen asmatzea ez zen hain erraza.

Azkenean, Billy Kemper nagusitu zen eta honela mintzatu zen: «Ilargian nago. Finalera arte bide gogorra izan da, zakur arteko lehia zirudien, baina lortu dut. Egunero goiz jaiki eta gogor egiten dut lan, nire emazte eta haurrengandik urrunduta egon behar izan dut denbora luzez, baina guztia honegatik da».

Nesken kategorian ere pixkanaka maila gorantz doala erakutsi zuten lehiakideek. Finalean ordea, ez zuten mutilek adina zorte izan, uhin lerro gutxiago izan baitziren. Edonola ere, iritsi ziren olatuak hartzeko gehien arriskatu zuena Paige Alms izan zen eta horri esker irabazi zuen munduko olatu handien nesken itzuliko txapelketa.

Bestalde, lehen mailako munduko txapelketa esanguratsuena egiten ari dira egunotan Pipelinen, Hawaiiko Oahu uhartean. Beraz, datozen orduetan jakingo da 2019ko munduko txapelduna nor izango den.

Honi buruzko guztia: Surf