Arantxa Manterola
Kazetaria
JOPUNTUA

Kexutik borrokara?

Duela egun gutxi nire inguruan izandako komentario batek pentsakor utzi ninduen. «Halako beti kexu da; arrazoirik ez du falta baina beti kexuka dabil». Jarrera hori, kexatzearena alegia, ez da oro har ongi ikusia, ohikoa denean bederen. Are, kutsu negatiboa du eta jendea gogaitu egiten du. Pasarte horretaz hausnartzen hasi nintzen eta nire burutazioetan ondorio hauetara iritsi naiz.

Pertsona, gauza, egoera edota gertakizun batek norbait nahigabetzen duenean, lehen erreakzioa kexatzea da. Normala. Baina, horrekin gauzak bere horretan geratzen badira, beste urratsak egitera behartua dagoela esango nuke, soilik aieneka geratzea jarrera pasiboa baita. Hitzen jokoan sartuta, halako ranking modukoa otu zait, arazoari era aktiboan aurre egiteko halako ibilbide bat: kexatik, deitoratzera; handik protesta egitera igarota, aurka egitea litzateke hurrengo pausoa, oldartzera eta matxinatzera jo aurretik. Jokabide horien buruan, finean (eta tamalez, askotan) aspalditik ikasitakoa daukagu: borroka.

Ratzinger aita santuak Jose Ignacio Munilla Gipuzkoako gotzain izendatu zuenetik hamar urte igaro berri dira. Herrialdeko erkidego giristinoaren baitan berehala entzun ziren lehen kexuak, apaizeriatik ez ezik, baita komunitate laikotik ere. Zati handi bat ez zen bere «artzain» berriarekin identifikatua sentitzen. Ez zuten gidari egokitzat jotzen eta atzean Gipuzkoako elizbarrutiak ordura artean eraman zuen bidetik aldentzeko xede politikoa zegoela sumatu zuten. Hamarkada horretan, noizbehinka publikoki agertu izan dira kontraesan eta haserreak, Munillaren jokamoldeekin desadostasun maila areagotzen zihoala islatu dutenak. Azken hilabeteetan badirudi ozenago kanporatzen ari direla. Horren azken lekukoa, larunbatean Arantzazun izan zen meza alternatiboa, non ehunka kristauk apezpikuaren jarrerekin aurkakotasuna argi azaleratu duten.

Ez dakit zehazki arestian aipatutako nire sailkapen ez oso ortodoxoan zein mailatan dagoen haserre hori (protestan? aurkakotasunean? erreboltan?) baina kanpotik ikusita behintzat, kexatik harago kokatu nuke. Hau da, jarrera pasibotik aktibora pasa dira. Amen.