Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO KULTURA

Zuhaitzak ardatz,«Treeline» filma «Mendi»-renprotagonista

Jordan Manley zuzendari estatubatuarraren lanak euskal mendi zinemaldiarenhamabigarren ekitaldia irabazi du. «Artiko» izan da euskarazko pelikula onena.

Hamar egunez, hilaren 6tik atzora arte, Bilbo hiria mendiko kulturaren jantzi berezi batekin ikusi dugu. Mendi Film jaialdia izan da haren diseinatzailea. Ohi den bezala, aurten ere nazioarteko euskal mendi zinemaldiak ikus-entzunezko lanak izan ditu izar nagusiak. Eta hain zuzen ere, atzo, hamabigarren ekitaldian sarituak izan diren filmak non-stop eran ikusteko aukera izan zen. Amaiera bikaina eman zion aurtengo edizioari, baina “Mendi”-k bezperan izan zuen gala nagusia.

Joan den larunbatean, beraz, aitortza jaso zuten film guztiak taularatu ziren. Eta aurtengo irabazlea edo Sail Ofizialeko pelikula onenaren saria eraman zuena Jordan Manleyren “Treeline” izan zen.

Rossan Stedille, Irene Larraza, Keith Patridge eta Gaizka Bourgeaudek osatutako epaimahaiak hala erabaki du. Eta zuzendari estatubatuarraren lanaren inguruan honako ebazpena eman du: «Film honek ezagutzera ematen ditu ordena nagusi bat eta milioika urtez existitu izan den inteligentzia sare naturala. Pelikula honek entzun beharreko mezua transmititzen du, geure burua eta inguruan duguna babestu ahal izateko»

Epaimahaiaren zein aditu askoren iritziz, zuhaitzak ardatz diren film hau maisulana da. Eta hori azpimarratzeko Manley zuzendariak irudi oroitarazleak, pertsonaia sotilak, soinu-banda misteriotsua, argumentu sinesgarria eta zientzia indarrean jarri ditu. Estatubatuarraren ekoizpenak, beraz, Eguzki-lorea eta 6.000 euro jaso ditu.

Beste hamar

Arestian aipatu dugun epaimahaiak beste “buruhauste” batzuk ere izan zituen; izan ere, beste hamar sari banatu behar izan zituen, Euskal mendi zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatzeko aukeratutako 56 filmen artean.

“Ostatnia Góra” pelikula ere indartsu azaldu da. Eta hori diogu bi aitortza eraman dituelako. Dariusz Zaluski poloniarraren lanak zuzendari onenaren zein mendiko film onenaren sariak etxera eman ditu. Gogora dezagun ekoizpen honek “Mendi”-ren hamabigarren ekitaldia zabaldu duela, eta 2018. urtean espedizio poloniar batek K2 mendian neguan eginiko lana aurkezten duela.

“Final ascent: The legend of Hamish Macinnes” Britainia Handitik iritsi zen. Haren zuzendaria Robbie Fraser da, eta gidoi onenaren saria bereganatu du.

Argazkilaritza onenaren saria, berriz, Alison McAlpine zuzendari kanadarraren “Cielo”-rentzat izan da. Eta epaimahaiaren saria Jaime Murciego eta Pablo Iraburu zuzendarien “Cholitas” pelikularentzat.

Beste edizio batzuetan bezala, sona handia duen Alastair Lee britainiarrak protagonismoa izan du. Zuzendari honi “Climbing blind”-i eskaladako film onenaren saria eman diote.

Kulturari eta naturari buruzko film onena Ben Masters estatubatuarraren “The river and the wall” lanak eraman du. Kirol eta abentura film onena, berriz, Jen Randall kanadarraren “Home” izan da. Eta beste ekoizpen kanadar batek beste aitortza bat jaso du. Film labur onena Jay Trusler zuzendariaren “Nebula” izan da.

Sail Ofizialean sarituak izan diren azken protagonistak aipatu behar ditugu. Gure hizkuntza bultzatzeko, “Mendi”-k euskarazko film onena ere saritu du: Josu Venerok eta Jesus Mari Lazkano margolariak aurkeztutako “Artiko”. Epaimahaiaren arabera, «film honek Artikoaren funtsa era arrakastatsuan jasotzen du dimentsio askotan: zinematografikoan, piktorikoan eta poetikoan. Obra honek garraiatzen gaitu, era oso leunean, aparteko eremu natural batera».