Hamabi lagun atxilotu dituzte emakumeen esplotazioa leporatuta
Hamabi pertsona atxilotu zituen atzo Guardia Zibilak, Barakaldon, emakumeen esplotazioaren kontrako operazio batean. Haren ondorioz, atxilotuen mende zeuden hamar emakume libre geratu ziren, albiste agentziek adierazi zutenez. Iturri horien arabera, Barakaldon eta Erroman gauzatu zuten aipatu polizia operazioa, baina atxiloketak Bizkaiko udalerrian bakarrik izan ziren.
Goizeko bederatziak aldera abiatu zen sarekada, baina ordu erdi lehenago guardia zibil mordoa ikus zitezkeen Barakaldoko hainbat lekutan, hala nola Foruen Pasealekuan eta Herriko Plazan, baita Atagabeitia auzoan ere. Hainbat etxebizitza miatu zituzten, bertan prostituzioan aritzen zirelakoan.
Orotara, goizean zehar bost etxebizitza arakatu zituzten, eta eguerdiko ordu biak aldera gizon bat eta emakume bat Foruen Pasealekuko atari batetik atera ziren, eskuburdinak jarrita zituztela. Leku horretatik bertatik uniformedunek hainbat poltsa atera zituzten. Ordurako miatutako beste leku gehienetatik alde eginda zeuden, baina operazioak irekita jarraitzen du, eta Guardia Zibilaren iturriak aipatuta Europa Press agentziak adierazi zuenez atxiloketa gehiago gerta litezke.
Emakunderen jardunaldia
Atxilotuei emakumeen salerosketa leporatzen diete, besteak beste, eta, hain zuzen, “Euskadin salerosketa egoeran dauden emakumeen nazioarteko babesaren arloko erronkak” izeneko jardunaldia egin zuten atzo, Gasteizen, Emakundek antolatuta.
Erakunde horretako zuzendari Izaskun Landaidak adierazi zuen beharrezkoa dela salerosketaren biktimak artatzen dituztenek genero ikuspegitik eta giza eskubideen ikuspegitik egitea, «kontuan hartuta sexu esplotazioa emakumeen desberdintasun, menderatze, botere abusu eta esplotazio harremanetan oinarritzen dela». Eta, horrez gain, «sakon ezagututa, ikuspegi multikultural batetik, esplotatuak diren emakumeen errealitateak, kultura eta baldintza sozialak».

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
