Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Izenburuak

Munduan asko bezala, Durangoko Azokan nenbilen zein liburu aukeratu halako eskaintza zabalaren artean. Nobedadeak, liburu dendetan aurkitzeko zailak direnak, bitxikeriak… Bi libururen artean nengoen postu batean eta bat aukeratu behar. Nola egin? Baten aurkibidea begiratu eta lehenengo atalaren izenburua irakurri ondoren, argi izan nuen: “Il était un petit navire…” (Bazen barku txiki bat…) Zein ote zen barku txiki horren istorioa? Barkuaren istorioa da edo marinel ausartena? Agian paperez egindakoa da eta barruan berunezko soldadutxo bat doa. Bernardo Atxagaren “Etxeak eta hilobiak” nirekin eraman nuen. Behin lagun batek galdetu zidan nola aukeratzen nituen kontatu behar nituen ipuinak. Nik erantzun nion kontu zaharren liburu bat hartzen nuelarik, egiten nuen lehenengo gauza aurkibidea begiratzea zela, eta ipuinen izenburuak irakurriz horiek aukeratzen nituen lehenengo. Balea koipez egindako gaztea, Ipuin igarkizuna, Lehorretik nabigatzen zuen barkua, Santutasunean bizi den neskatila, Lapurren leizea, Bizirik zerraldoan, Beso bagako erregina, Joxemari erua..., nola ez piztu jakin-mina halako izenburuekin? Ondo aukeratutako izenburuek badute beren baitan hamaika istorio irakurlearentzat. Kontakizuna ezagutu aurretik norberaren buruan hasi dira hamaika istorio dantzan, irudimena bidezidor ezinezkoetan abiatuko da, jakin-minaren grinak harrapatuko gaitu eta ezinbestean jakin nahiko dugu istorio hori gurearekin bat datorren. Eta orduan barku txikiaren nabigazioa hasiko da.