Asier AIESTARAN
PILOTA

Ladis Galartzak bi urte luzatu du bere kontratua

Ladis Galartzak bi urtez luzatu du Asperekin duen kontratua. Atzelari baraibartarrak 2018ko irailean fitxatu zuen Eibarko enpresarekin eta azken urte eta erdi honetan maila bikaina eman du.

Asegarce zenarekin (Baiko gaur egun) 2009ko uztailean egin zuen debuta Ladisek, eta ia hamar urte Bilboko enpresan aritu zen jokatzen, goi mailan jokatzeko bere lekua aurkitu ezinik.

Baina orain dela urte eta erdi Aspera joateko erabakia hartu zuen eta bi aldeak atera dira irabazten akordio horri esker. Aspek atzelari on bat gehitu zion lehendik ere punta-puntako atzelariak zituen koadro bati, eta Ladisek bere maila nabarmen igo du tarte horretan, denboraldiko torneo eta txapelketa nagusietan lekua eginez.

Iazko Binakako Txapelketan, esaterako, oso itxura ona eman zuen eta Joseba Ezkurdiarekin bikote osatuz finalerdietan sartzeko zorian egon ziren. Aurtengoan inork ez du zalantzarik izan baraibartarra Aspeko lau titularren artean sartzerakoan, eta horixe da seinale onena.

«Aspen etxean bezala nago, gustatzen zaidana egiten eta giro paregabean», azaldu zuen nafarrak Aspek zabaldutako adierazpenetan. «Niretzat ohorea da pilotan jokatzen jarraitzeko aukera izatea, hori baita gehien gustatzen zaidana, eta gainera Asperekin, nire etxean bezala sentitzen naizen lekuan».

Binakako Txapelketari buruz, Galartza baikor agertu zen. «Jokin Altunarekin jokatzea gozada bat da, ea zorte hobea daukagun hurrengo partidetan eta garaipen gehiago lortzen ditugun». Oraingoz lau partida jokatu eta bi irabazi dituzte, sailkapenaren erdialdean kokatuz.

Baiko, Erriberrin

Baiko Pilota enpresako pilotariak Erriberrira joan ziren atzo sanferminetan irabazi zuten Marco Real ardoaren desafioan jokoan ipini ziren 1.200 botilak jasotzera. Desafioa uztailean jokatu zen eta Baikoko pilotariek jokatutako hiru neurketak irabazi zituzten, nahiz eta bi irabaztea nahikoa izan ardoa bereganatzeko. Kaiola barruan Asier Agirre izan zen garaipena lortu zuena Peio Etxeberriaren kontra; binaka Lasok eta Albisuk Jaka eta Rezusta menderatu zituzten; eta buruz buru kantxa guztian Victorrek Zabala gaztea hartu zuen mendean.

Zulaika-Laduche, Danian

Jon Zulaika gipuzkoarra eta Manu Ladutxe lapurtarra izan dira Daniako Fall Challenge txapelketaren irabazleak finalean Erik-Bailo bikoa 14-15 menderatuta. Barandika-Elgezabal, hirugarren.