Idoia ERASO
BAIONA

Kultura kontsumoak eta parte-hartzeak gora egin dute Ipar Euskal Herrian

Kulturaren Euskal Behatokia Euskal Herrian dauden praktika kulturalei buruzko inkesta aurkezten ari da. Atzo Ipar Euskal Herriko datuak ezagutarazteko agerraldia egin zuten Euskal Kultur Erakundeko eta Lakuako Gobernuko ordezkariek. Azken hamar urteotan gora egin du herritarren parte-hartze kulturalak, bereziki antzerkian, dantzan eta zuzeneko musikan. Kulturan parte hartzeari 7,5eko garrantzia ematen diote 1etik 10erako eskalan.

Joxean Muñoz Lakuako Gobernuko Kulturako sailburuordeak eta Pantxoa Etchegoin Euskal Kultur Erakundearen zuzendariak atzo egin zuten agerraldian Ipar Euskal Herriko kultura kontsumo eta parte-hartzeari buruzko datuak eman zituzten ezagutzera: kulturarekiko jarrera orokorrak, praktika kulturalak, elkarteetako parte-hartzea eta kultura amateurra, praktika kultural digitalak eta euskarazko parte-hartze kulturalari buruzko inkestaren datuak, hain zuzen ere. Orotara 6.300 pertsona elkarrizketatu dituzte, Bidasoaren iparraldekoak 1.150 lagun izan dira.

Kulturaren Euskal Behatokiak lehen inkesta 2008an egin zuen, eta bigarrena iaz, hamar urte geroago. Agerraldian, datu berriak ematearekin batera, konparaketa ere egin dute. Aldi berean, hemendik goiti inkesta bost urtero egiteko asmoa agertu dute.

Aurreko astean aurkeztu zituzten Euskal Autonomia Erkidegoko datuek erakusten duten bezala, Ipar Euskal Herrian ere gorakada bereziki antzerkian (%15,8tik %45,7ra), dantzan (%10etik %50era) eta zuzeneko musika emanaldietan izan da (%29,3tik %61,5era), baita zineman (%54,1etik %71,4ra) eta museoetan ere (%23,8tik %50,3ra).

Euskarazko kulturaren kontsumoari dagokionez, gorakada nabarmenena bertsolaritzaren eremuan izan da (%4tik %11,3ra) eta, horren karietara, Etchegoinek bertso eskolen garrantzia azpimarratu zuen.

Euskal hiztunen euskarazko kultura praktikei buruz, antzerkiak izan du gorakada nagusia, (%22,6tik %38,9ra), bertsolaritzak (%8tik %24ra), eta gero musikak (%87,3tik %94ra). Irakurketak, aldiz, pixka bat egin du behera (%27,7tik %26,5era).

Gorakada horren arrazoi nagusitzat kalitatea aipatu du Muñozek: «Euskal sorkuntzaren kalitatea nabarmen igo da, esparru ezberdinetan, bai Iparraldean, bai Hegoaldean».

Beherakada, aldiz, kultur elkarteetan egiten den parte-hartzean ikusi da: lehen biztanleriaren %34,5ek hartzen bazuen parte, orain %25,4k besterik ez.

Elkarte mailan ez bezala, norbanakoen sorkuntzaren gorakada izan da amateur mailan. Horrela, arte plastikoen praktikek gora egin dute nabarmen (%4,6tik %11,3ra), idazketak (%5etik %9,1era), baita argazkiak (%8,4tik %10,8ra) eta bideoak (%2,3tik %10,8ra) egiteak ere.

Kulturarekiko jarrerari begiratuta, joera positiboa agertzen da, 1etik 10erako eskalan, 7,5eko garrantzia ematen baitiote parte-hartze kulturalari. Euskal Herrian, batez bestekoa 7,37koa da.

Interneten erabilerari buruz, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %77,9k egiten du erregularki. Horien artean erabilera nagusiak dira: %67,7, musika, zinema, liburu… eta gisakoei buruzko informazioa bilatzeko, %65,4 albisteak ezagutzeko eta %64,8 musika entzuteko.

Inkesta 15 urtetik gorako jendearen artean egin dute, eta horrek eragina izan du Ipar Euskal Herrian, euskaldunen kopuruaren beheranzko joerari haur eta gaztetxoen ezagutzaren bitartez egin baitzaio aurre azken urteotan, baina belaunaldi berri hori oraindik ez da egindako ikerketan islatu.

Bi erakundeen arteko elkarlana goraipatu dute hizlariek. Muñozek Ipar Euskal Herriko datuak ezagutzeko EKE beharrezko partaidea dela oroitarazi du.