Lointek Gernika eta IDK, eguteran eta laiotzean

Esne mamitan, eguteran bizitzeak dakartzan eguzki orduen epelean, pozarren eta lasai asko amaituko du Lointek Gernika Bizkaiak Emakumeen Endesa Ligako aurreneko itzulia. Bere aurkariak, Donostiako IDK Gipuzkoak, aldiz, laiotzean, hotzikarak hartuta eta animoa mantentzeko lanekin amaituko du. Hain justu ere, horixe da hamabi partidaren ostean bederatzi irabaztearen edo bederatzi galtzearen arteko ezberdintasuna.
Maloste kiroldegiak hartuko du, 19.00etatik aurrera, hasiera batean behintzat bizkaitarren aldeko joera argia agertzen duen euskal derbia. Gernikako taldea, Ligan egiten ari den lan bikainaz aparte, asteazkenean Minsken irabaztetik dator, eta aurten etxean jokatu beharreko azken partida ere irabazi nahi du. Nola ez ba? Emaitzak alde dituzte, defentsa lan bikaina eginez aurkariei sekulako arazoak sortzen dizkiete eta, gainera, Emakumeen Ligan Margaret Roundtree ere erabil dezakete. Kalitate handiko jokalari bat gehiago, beraz, txandaketetarako.
Zer egin behar du, bada, horren aurrean IDK Gipuzkoak? «Okerrago geundela, min hartutako jokalariz josita joan eta Malosten irabazteko gai izan gara pare bat bider», gogoratu du asteon Azu Muguruza donostiarren entrenatzaileak. «Valentzia Basketen aurka itxura ona eman genuen, baina azken segundoko saskiratze baten erruz galdu genuen, defentsa ona eginagatik. Burua altxatu eta aurrera jarraitu, ez dago besterik», gaineratu du, bere aldetik, Maira Erauntzetamurgil hegaleko gazteak.
Euskal derbi honetako gako nagusietako bat Joyce Coussins-Smith donostiarren antolatzaileak izango du. Bizkaitarren presioari ihes egiten badio, IDK Gipuzkoak aukerak izango ditu. Presioak harrapatzen badu, ordea, Gernikako taldeak asko aurreratuko du.
RPK Araski, Tenerifen
Ordu berean –18.00ak Kanarietan–, Tenerifeko Clarinosen kantxan jokatuko du RPK Araskik. Biek ala biek Koparako sailkapena patrikan dute dagoeneko. Alabaina, maila mantentzeko eta zortzi aurrenekoen artean eusteko aurkari zuzen bati gailentzea beti dator ondo, are gehiago etxetik kanpo irabazten baldin bazaio.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
