Hazel Findlayk «Magic Line» bidearen hirugarren igoera lortu du
Yosemiteko haranean dagoen trad estiloko bidea sinatu ahal izateko, sei asteko lana behar izan du. 35 metroko artesiak 8c+ zailtasuna du. «Magic Line» igo duen lehen emakumea da britaniarra. Findlayk dio bidea ez dela arriskutsua, baina, bai, ordea, oso-oso gogorra.
Orriotan behin baino gehiagotan aipatu dugun bezala, Hazel Findlay eskalatzaile osoa da. Horrekin esan nahi dugu eskalada tradizionalean, kirol eskaladan zein hormatzarretan dela espezialista handia. Iragan hilabetean, duen curriculum bikainari beste plus bat gehitu zion. Yosemiteko haranean dagoen “Magic Line” bidea kateatu zuen.
Eskalatzaile britainiarrak oso erakargarria den 35 metroko artesi fin eta estua aukeratu zuen. 1996. urtean eskalatzaile estatubatuar historiko batek kateatu zuen lehen aldiz: Ron Kauk kaliforniarrak. 5.14c R edo 8c+ zailtasuna jarri zion. Hogei urte geroago, haren seme Lonniek egin zuen bigarren igoera, baina, aurreratu behar dugu, seguruak aldez aurretik jarrita eskalatu zuela. Iaz, berriz, estilo hori garbitu nahi izan zuen, eta berriro errepikatu zuen bidea, baina igotzen ari zen bitartean friend eta fisureroak jarriz.
Lerrootako protagonistak ere estilo onean kateatu zuen “Magic Line”. Bidearen hirugarren igoera izan da, eta emakumezko batek egindako lehena. Jarritako xedea biribildu bezain laster, honakoa hau adierazi zuen Findlayk: «Inoiz eskalatu dudan bide gogorrena da, baita ederrena ere. Zailtasunari dagokionez, argi dut 8c+ dela, eta, britainiar eskalan, E10. Muturrekoa iruditu zait, besteak beste, beheko aldean dagoen blokeko mugimenduak inoiz egin ditudan zailenak izan dira. Hor dago bidearen giltza».
Denera, sei aste behar izan ditu “Magic Line” patrikara eramateko. Onartu du ahalegin handia eskatu diola: «Hatz asko minduta nituen bukaerarako. Artesi fin eta estua da, eta hatzok den-dena eman behar izan dute. Gogor borrokatu dut. Iaz probatzen hasi eta muturreko xedea izango zela ohartu nintzen berehala. Artesi horretan eskalatzea magikoa da oso. Joan den uda osoan gogor entrenatu nuen, eta 35 metro horiekin erabat konprometitu nintzen. Horri esker lortu dut bidea igotzea. Pare bat ekinalditan oso-oso gertu ibili nintzen, baina estres handia jasan nuen. Horregatik, bidea bidaiaren azken egunean kateatu ahal izatea ederra izan da. Azken unera arte erronka perfektua izan da».
Prozesu gorabeheratsua
Azaroan igo zuen bide horren inguruan, britainiarrak onartu du ez dela arriskutsua, baina, era berean, azpimarratu nahi izan du estilo onean igotzea exijentzia handiko lana dela: «Tresneria jartzen ari zaren bitartean, hobe da erritmo azkarra eramatea. Zalantzarik gabe, trad estiloan egin dudan biderik zailena da. Eta ez hori bakarrik, nire ibilbidean egin dudan gogorrena. Kontuan hartu behar da kirol eskaladan gehienez 8c egin dudala. Jakin badakit ‘Magic Line’ nire estilokoa dela, baina jakin banekien ere xedea biribiltzeko oso sasoiko egon behar nuela. Horregatik, entrenatzeko motibazio iturri handia izan da».
“Magic Line” bideak duen arriskuaren inguruan, Findlayk onartu du ez dela muturrekoa, baina adierazi du E10 gradua ondo jarrita dagoela. Gogoratu behar dugu maila hori egiten lehen emakumezko britainiarra izan zela; bi bide ditu jada.
Kauken marran bizi izan duen prozesuari buruz, eskalatzaile britaniarrak azpimarratu nahi izan du oso gorabeheratsua izan dela: «Nahiz eta oso kontzentratuta jardun dudan, marra honek ez du akatsik onartzen. Ekinaldi batzuetan, jarraian gainera, oin batek behin eta berriz irrist egiten zidan. Etsigarria zen! Alabaina, jarritako helburua alde batera uzteko batere gogorik ez nuen. Hori aski ez, eta hatz batean min ere hartu nuen!».
Findlay “Magic Line” datorren denboraldirako uzteko zorian egon zen. Baina, arestian aipatu dugun bezala, bidaiaren azken egunean katera heldu zen: «Egoera nire kontrolpean zegoen, baina ez nekien zer gertatuko zen. Helburu batean buru-belarri zaudenean edozer gerta daiteke; hor dago magia. Bidearen giltza guztiak askatu eta etxera pozarren itzuli nintzen».

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
