Amaiera
1987ko azaroa zen eta “Document” albumean bildutako R.E.M. musika taldearen “It’s the end of the world as we know it” (Ezagutzen dugun munduaren amaiera da) abestia Mendebaldeko irrati kateetara heldu zen. Ezin esan daiteke kontzientzia-jario estilora idatziriko kantuak paregabeko arrakasta lortu zuenik, ez behintzat taldearen beste abesti batzuekin konparatuz gero; uhinetan ibili zen lehen bi asteetan Ameriketako Estatu Batuetako abesti zerrendako hirurogeita bederatzigarren postura heldu zen. Tira, hiru hamarkadetan hamabost album kaleratu zituzten estatubatuarrek; ezin dugu espero abesti guztiek harrera bera jasotzea.
Hala ere, urtea eta hamarkada amaitzera goazen honetan, buruan bueltaka ibili dut aipatu abestia, haren bitartez R.E.M.-ekoek osatzen duten kalamitateen zerrendak durduzaturik. 2019an jazotako guztia bakarrik kontuan hartuta haren bertsio eguneratua egin zitekeen. Akaso ilunagoa aterako zen: gerrak eta klima aldaketak eragindako errefuxiatuen kopuruak gora egiten jarraitzen du modu asaldagarrian; aberatsen eta pobreen arteko aldea izugarri handitu da; emakumeen eta talde gutxituen kontrako indarkeria fenomeno globala da; suteen mehatxua ez da itzali Australian, Txilen, Brasilen; izotz geruza abiadura handian urtzen ari da Antartikan…. Eta hartuko gaituen B planetarik ez dago; hauxe da dugun mundu bakarra, eta gure begi aurrean desagertzen ari da.
«Ezagutzen dugun munduaren amaiera da», dio R.E.M.ekoen abestiak eta zera gaineratzen du: «eta ondo sentitzen naiz» («and I feel fine»). Ironiaz?

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen
