Maite BIDARTE
DONOSTIA

Jurgi Ekiza, Okene, Maria Rivero eta Txuma Murugarren, urteko lehenengo «Beste bat» saioetan

Urte berriari izen berriak dagozkio, eta, hala, NAIZ Irratiaren «Beste bat» saioan laukote berria izango da urtarrilean. Ekiza, Okene, Rivero eta Murugarrenen eskutik dator urte berriko lehendabiziko uzta.

Laukote berri batek hartuko du txanda urtarrileko “Beste bat” saioan. Jurgi Ekiza, Maria Rivero, Txuma Murugarren eta Okenek osatuko dute, hain zuzen ere, urtarrileko “Beste bat”.

Urtarrileko astelehenetan, Willis Drummond taldeko abeslari Jurgi Ekiza izanen da saioko gidaria. Berak estreinatuko du 2020ko denboraldia.

Txuma Murugarren bakarlariak hartuko du lekukoa astearteetan. «Egia esan ez dut modu sistematikoan ikusten nire ekarpen hau. Gustuko dudan musika jarriko dut, talde berriak gehienbat; soul, rock, amerikana… estilo ugari kokteleran sartu eta horra», dio Murugarrenek bere saioak nolakoak izanen diren galdetuta. «Musika proposamen berriak ezagutzera ematea da nire asmoa, bihotzarekin egindako musika, zirrara berezi bat sorrarazten dizuna, finean, egiazko musika. Ea lortzen dudan!».

Asteazkenetan, Maria Rivero ariko da gidari lanetan. Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Euskal Herriko doinuek osatuko dute bere lehen fonoteka, urtarrilaren 8an emango dena. «Etxean, kafe goxo batekin disfrutatzen dudan musika lasaiaz arituko naiz», zehaztu du Balmasedako abeslariak.

Inoren Ero Ni taldeko Okenek itxiko du astea ostegunetan. 80ko hamarkadan sortutako BAP!! talde mitikoaren abeslaria izan zen Eneko Abrego Okene, 1996an taldea desegin arte. Urte batzuk geroago sortu zuten talde hartako hiru partaidek Inoren Ero Ni. «Mugarik ez da izanen saioan, ez musika aldetik ezta eduki aldetik ere», dio Okenek bere saioaren ezaugarriei buruz galdetuta.

Orain artean bezala, musikari bakoitzak launa saio eskainiko ditu NAIZ Irratian.

Zuzenean eta podcast bidez

Abuztuan ekin zion “Beste bat” saioak NAIZ Irratian. Musikarien kantu kutunak ditu ardatz eta aurkezleon gustuko fonotekari tiraka osatutako ordubeteko saioak dira. Urtarrilean abiatu eta ekainera arte luzatuko da “Beste bat” saioaren etapa hau.

Zuzenean 15.00etan eskaintzen ditu saioak NAIZ Irratiak (errepikapena 21.00etan), bai sarean eta baita FMz ere. Nahieran ere entzun daitezke NAIZ Irratiko webgunean eta ohiko podcast plataformetan.